(Kazeta.eus) Inpunitatearen bideak utzitako testigantza gordinak

13/04/2015

Torturari buruz Varenne Unibertsitate Institutuak antolatutako jardunaldiei amaiera emanez, larunbatean foro irekia egin zen Baionako Fakultateko anfiteatroan. Bertan, besteak beste, desmasia horiek jasan dituzten hainbat lagunen lekukotasun gordinak entzun ziren. Ariketa zaila haientzat; oso pedagogikoa, ordea, entzuleentzat.

 

 

Larunbateko sesioa publikoari irekia zen© Bob EDME

Larunbateko sesioa publikoari irekia zen© Bob EDME

Arantxa MANTEROLA|13/04/2015

Baionako Fakultateko anfiteatroa bete zuten entzuleek, zutik jarrita, egundoko txalo zaparrada eskaini zieten torturaren ankerkeria bizi ostean berau gainditzen nola saiatzen ari diren azaldu zuten lagunei. Horien artean, Guantanamon hiru urte preso egin zituen Mourad Benchellalik bizitako esperientzia beldurgarriaren pasarteak kontatu zituen, zehaztasun guztiekin “Voyage vers l’enfer” (Bidaia infernurantz) liburuan jaso dituenak.

Termino bera, «infernua» alegia, erabili zuen Ixone Fernandezek, 2005ean Cadizen atxilotua izan ostean polizia etxean igarotako egunak deskribatzeko. Absolbitua izan ondoren, behin betiko aske geratzean bizitako sufrikarioa ere aipatu zuen. «Ez nintzen bizi, biziraun egiten nuen», adierazi zuen. Taldeko terapiei eta Istanbuleko Protokoloaren ikerketan parte hartzeak emandako indarrari esker burua altxatzea eta pertsona bezala berreraikitzea lortu duela nabarmendu zuen.

Minbiziaren iturburu

Oso hunkigarria izan zen Juan Mari Torrealdairen testigantza ere. Eremu akademikoko giro serioa eta foroaren nazioarteko izaera lagungarri, inoiz ez bezalako xehetasunekin kontatu zuen “Euskaldunon Egunkaria”-ren kontrako operazioan atxilotu eta torturatu zutenean bizitakoa. Fisikoki eta psikologikoki pairatutakotik harago, ez du ahanzteko bere bizitzako lan guztia hankaz gora nola jarri zioten etxean, ezta Jakineko bere bulegoko dokumentu, ikerketa eta lanak nola kendu zizkioten.

«Niretzat sekulako tortura izan zen hura», adierazi zuen. Urteetan psikiatra baten laguntza behar izan du eta oraindik ere amesgaizto haren ondorioak ez ditu gainditu. Are, mintzaldian jakinarazi zuen hezur-muineko minbizia duela, eta bai bere ustez bai psikiatraren iritziz ere, «jasandako torturekin lotuta» dagoela gaixotasuna.

Buscarita Roa Argentinako Maiatzeko Plazako Amonak elkarteko kideak, berriz, haur bahituei zer gertatu zaien, non dauden, bizirik edo hilda dauden ez jakitea «egiazko tormentutzat» jo zuen. Bere biloba aurkitzeko «miraria» bizi izan zuen 2000n, baina bost urte gehiago itxaron behar izan zituen «familia lotura eraiki eta bilobaren lehen besarkada biltzeko».

Bilobak bera bilatzeko ahaleginean etsi ez izana eskertu zion eguna «bere bizitzako ederrena» izan zela esanez amaitu zuen hitzaldia, entzuleengan zirrara piztuz.

Comments are closed.