(Berria.info) Jaurlaritzaren Bake Planak iraganaren «autokritika prozesuak» landuko ditu
Erkorekak dio plana bat datorrela gizartearen «gehiengoaren nahiekin».
EH Bildu «sukalde lana» egiten ari da «zoru etiko berria» definitzeko.
2015-02-04 / Edurne Begiristain
Joan den urteko lanaren balantzea egin eta gero, aurrera begira jarri da gobernua. Datozen hilabeteetako lan ildoak finkatu ditu. «Zubiak indartzen jarraituko dugu, iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko oinarri etiko bat sendotzeko», esan du Erkorekak. Hori lortzera bideratuta egongo dira urtea amaitu bitartean Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak zehaztu dituen lehentasunak. Helburu horien artean dago Hitzeman Programa garatzeko adostasunak lortzea, laugarren Peace programaren lankidetza proiektuak martxan jartzea, Gertu programaren bigarren zatiari hasiera ematea eta Memoriaren Institutua sortzea.
Sortu-EAJ harremanak
EH Bilduk «sukalde lana» egiten jarraitzen du Eusko Legebiltzarrean etenda dagoen bakerako lantaldea berriro abian jartzeko. Joan den urrian iragarri zuen Hasier Arraizek prest zeudela, lantalde hori martxan jartze aldera, beste testu bat adosteko, eta Dani Maeztuk berretsi du lanean jarraitzen duela «bestelako» zoru etiko baten oinarriak finkatzeko. «Gainerako alderdiek mahaiaren inguruan ez esertzeko aitzakiarik izan ez dezaten» ari da testu berri bat lantzen koalizioa, Maeztuk Onda Vasca irratian azaldu duenez. Hori lortzeko, Sortu eta EAJren arteko harremanak izan dira azken asteotan.
EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, nekez gaindituko da gaur egun dagoen «blokeo egoera» alderdiek jarrera aldatzen ez badute. «Hainbat taldek ez mugitzeko eta aurrera ez egiteko aitzakiatzat erabili dute iraganaren irakurketa kritikoaren auzia», salatu du.