Bakegileen auzia lehen eguna

02/04/2024

Bakearen artisauen ikustaldien hasiera Pariseko Auzitegi Korrekzionalean.

Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry Bake artisauak Xantiana Cachenaut, Patrick Baudoin, Jean François Blanco eta Jean Michel Baloup abokatuekin auzitegira sartu dira gaur, 13:30tan.

Defentsaren sei lekukoek jarraitu dute: Kotte Ecenarro (Hendaiako auzapeza), Jean René Etchegaray (Baionako auzapeza eta Euskal elkargoko lehendakaria), Sylviane Alaux (PSko diputatu ohia eta desarmearen behatzailea), Jean Pierre Massias (Zuzenbide Publikoko irakaslea), Eric Morvan (Pirinio Atlantikoetako prefeta ohia), Mathias Fekl (Barne ministro ohia). Ondotik, Bakearen artisauen aldeko sostenguen ordezkaritza zabala osatzen duen publikoa. Audientzia hasi zen.

 


12:30ak inguruan, epaitegiko harmailetan hitzordua emana zitzaien bakearen artisauen sostengu ugariei. Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry-rekiko elkartasun eta aniztasun zabala gorpuztuz, argazki baten bidez momentua finkatzeko.

Hor ziren: 

Marie Darrieussecq: idazlea; Marie Cosnay: idazlea; Philippe Texier: Ohorezko magistratua; Emma Cosse: Eskualde kontseilaria eta etxebizitza ministro ohia; Peio Etxeleku: PNBko lehendakaria; Marie Toussaint: Eurodiputatu ekologista eta legelaria; José Bové: Confédération Paysanne eta Via Campesina sindikatuetako bozeramaile ohia eta eurodiputatu ohia; Claudia Rouaux: Ile et Vilaine departamenduko PS diputatua; Paul Molac: Finistère departamenduko LIOT diputatua; Jérôme Gleizes: Pariseko kontseilaria “Paris en Commun-Écologie pour Paris” zerrendarentzat; François Dufour: Confédération Paysanne sindikatuko bozeramaile ohia eta Basse-Normandie eskualdeko lehendakariorde ohia; Frédérique Espagnac: Pyrénées-Atlantiques departamenduko senatari sozialista; Felix Acquaviva : Haute Corse deputatua Femu a Corsica; Max Brisson: Pyrénées-Atlantiques departamenduko senatari Errepublikanoa; Denise Saint Péé : Pyrénées-Atlantiques departamenduko senatari Mode; Iñaki Etxaniz: Pyrénées-Atlantiques departamenduko senatari sozialista eta Frantzia-Espainia talde parlamentarioko lehendakariordea; Vincent Bru: Pyrénées-Atlantiques departamenduko senatari zentrista; Xabi Larralde: EHBAI; Pernando Barena: EH Bilduko eurodiputatu ohia.; Sophie Bussière: EELV-Les écologistes alderdiko bozeramailea eta Akitania Berriko eskualde kontseilaria.; Francis Poineau: Euskal Herriko laborantxa ganbara; Andde Artaye: Alda; Amaia Muñoa: ELA sindikatuko ordezkaria; Anaiz Funosas: Bakebidea; Jean-Daniel Elichery: Bakebidea; Agus Hernan: Giza eskubideen aldeko militantea.

 

Bakearen artisauen epaiketaren lehen egunaren ondoko adierazpena.

Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry Txetx bakearen artisauek agerraldia egin zuten atzo, apirilaren 2an, Pariseko Auzitegi Korrekzionalean. Epaiketa honen lehen egun hau izan da, magistratuen aurrean, 2016ko abenduaren 16ko ekintza babesten duen euskal gizartearen atxikimendu sendoa gogorarazteko aukera.

Aniztasun hori auzitegi aitzinean irudikatu da lehenik, tendentzia guztietako ordezkari politiko, sindikal eta elkarteak hurbildu baitira bi auzipetuen alde.
Beren agerraldietan, Jean-Noël “Txex” Etcheverryk eta Béatrice Molle-Haranek Bake prozesuan dituzten engaiamenduak eta ardura asumitu dituzte. Euskal Herriaren historian eragin duen aldaketa historikoa aintzat hartuz, berregin behar balitz berriz eginen luketela berretsi dute gainera.


Ondoren, defentsaren sei lekukoen testigantzari esker, beste argitasun bat eman ahal izan da Luhusoko gertakarien testuinguruari buruz, eta, aldi berean, berriz ere erakutsi dute ekintza hau beharrezkoa izan zela 5 urtez aitzinatu ez zen bake prozesua desblokeatzeko. Horrela, Luhusok lagundu du gatazka honen biktima guztien errekonozimendua ahalbidetzen eta elkarbizitzaren eraikuntza indartzen. Bestalde, Luhusoko ekintzak eztabaida esparru bat ireki ahal izan du Frantziako Estatuarekin, eta horri esker, hasiera batean, euskal preso politikoen gaia aitzinatu ahal izan da, sakabanaketa politikaren bukeara emanez eta baldintzapeko askatzeak ahalbidetuz.

Morvan prefetak eta Fekl ministroak beren aldetik, Frantziako gobernuaren jarrera aldaketa izan zuten aipagai. 2017ko apirilaren 8ko desarmearen egun historikoa ahalbidetu duen “isileko” akordioa aitzinera ekarri dute, horren lekuko. Jean René Etchegaray Baionako auzapeza, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapeza, Sylviane Alaux PSko diputatu ohia eta Jean Pierre Massias Unibertsitate irakaslea izan dira euskal jendartearen aniztasunaren erakusle Pariseko auzitegian. Beren interbentzioek agerian eman dute Euskal Herriak bizi izan zuen testuingurua eta ekintza horren zentzu osoa. Sylviane Alaux diputatu ohiaren erranetan, bake keinu bat itxoiten da, eta keinu hori Auzitegiaren esku da bi Bake artisauak errugabetuz.


Epaiketaren bigarren egun hau gaur arratsaldean hasiko da, Fiskaltzaren auzi eskabideekin eta defentsako lau abokatuen interbentzioekin; bi Bake artisauen errugabetzea galdetuko dute.

Bake Bideak eta Bakea Artisauek elkarretaratzeak deitu dituzte Euskal Herriko 7 probintzietako hiriburuetan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry Txetx bake artisauen alde, baita Euskal Herrian bake zuzen eta iraunkor baten alde gizarte zibilak duen konpromisoa berresteko.


12:00etan Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean

19:00etan Baiona, Donibane Garazi eta Mauleko Herriko Etxeen aitzinean

 

Comments are closed.