(Berria) ETAk desarmatzeko Espainiaren parte hartzea behar duela ohartarazi du Powellek

05/03/2014

powell berria bisErresuma Batuko Gobernuko kabinete buru ohiak Euskal Herriko bake prozesuari buruzko artikulu bat argitaratu du ‘Financial Times’ egunkarian.

Jon Olano   2014-03-05 – 08:54:43

Iragan astean izan zen Euskal Herrian Jonathan Powell Erresuma Batuko Gobernuko kabinete buru ohia, bake prozesuaz jarduteko. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, EAJ, Sortu eta PSEko ordezkariekin batzartu zen Powell, bakarka.

Euskal Herriko bake prozesuaren egoeraz, ETAk Espainiaren laguntza behar du armak erabilerarik gabe uzteko izenburu duen artikulua idatzi du Powellek Financial Times-en. Bertan azaldu duenez, talde armatu batentzat “zaila” da desmobilizatzea estatuaren lankidetzarik gabe.

Powell Irlandako bake prozesuaren urteetan izan zen Erresuma Batuko Gobernuko kabinete buru, eta garai hura ekarri du gogora artikuluan. “Erresuma Batuan badakigu zein zaila izan daitekeen arm terroristen atzematearen gaia”, azaldu du, eta oroitarazi Irlandan hamarkada bat behar izan zutela horretarako.

Nabarmendu du ETAk desarmatzerantz eginiko urratsa: “Taldeak argi utzi du urrats hori aldebakartasunez eta baldintzarik gabe egiten ari dela, eta ez gobernuen promesei erantzunez”. Powellen ustez, albiste ona behar luke horrek, baina Espainiaren erreakzioa “arraroa” izan dela erantsi du. Oroitarazi du Nazioarteko Egiaztatze Taldeko kideak deklaratzera deitu zituela Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta “horrek erakusten du arazoak dirauela”, haren hitzetan.

Espainiako Gobernuaren jarreraz, Powellek dio ez dela “hain erraza” erakunde armatu batentzat desegitea: “ETAk oraindik lehergailuak eta ehunka pistola ditu gordeta. Gauza arriskutsuago bat ere badu: dozenaka militante klandestinitatean, bonba autoak egiten dakitenak”. Zentzu horretan, uste du “garrantzitsua” dela ETAk materiala eta militanteak kontrolatzen jarrai dezan, prozesu “konplexua” burutzeko.

 

Comments are closed.