(Berria) Bake foroa antolatuko dute otsailerako Bake Bidea eta Lokarrik

12/12/2013

Anaiz Funosas eta Christophe Desprez, Bake Bideko beste kide batzuen artean. / GAIZKA IROZ

2013-12-20

Foro sozialaren harira atera 12 gomendioez eta gizartearen egituratze faseaz hausnartuko dute, Baionan

Jenofa Berhokoirigoin Baiona

«Egituratzen bagara, gizarte zibila egituratzen bada, [foro sozialetik ateratako] gomendioak eskuetan harturik, gaitasuna eta boterea dugu egoera aldatzeko, estatuak ados izan ala ez». Horretaz konbentzituta daude Bake Bidea taldeko eragileak. Egituratze bide horretan aitzina egiteko, bake foroa antolatuko dute bigarren aldiz Baionan. Lokarrirekin elkarlanean, otsailerako dabiltza hitzordua antolatzen.

Atzo goizean eman zuten bake foroaren berri Anaiz Funosasek eta Christophe Desprezek, Bake Bideko beste hamar bat kidez inguraturik zirela. Bake prozesua bultzatzeko, garatzeko eta burura eramateko, martxoan iragan foro sozialetik atera hamabi gomendioak zehazki aztertuko eta jorratuko dituzte. Horrez gain, bake prozesuaren eraikuntzan, gizartearen egituratze fasea eta metodoa ukanen dute solasgai. Nahiz eta izenik ez oraindik zehaztu, nazioarteko adituak ere presente egonen direla jakinarazi zuen Funosasek. «Nazioarteko adituekin lan egin nahi dugu, inportantea zaigulako haien esperientziaz inspiratzea». Ipar Euskal Herriari dagokionez, aditu horiek bertako gizarte zibilaren funtzionamendua «ulertzeko beharra» ere badutela gehitu zuen.

Blokeorik ez, oztopoak bai

Frantziako zein Espainiako estatuen jarrerak «blokeo baino gehiago oztopo» direla erranik, bake prozesua aitzina doala sinesten du Bake Bidea taldeak. «Oztopo bat ez da blokeo bat, gainditu daiteke. Gizarte zibilak badu boterea eta gaitasuna egoera aldatzeko», Funosasen arabera. 2011ko Aieteko Adierazpenaz geroztik gertatukoaren azterketa plazaratzeko ere baliatu zuten prentsaurrekoa.

Gizarte zibilak du «gakoa», hori argiki dio Bake Bideak. Gizarte zibil «arduratsu eta aktiboaren» mobilizazioari esker aitzinamendu batzuk lortu direla ohartarazi zuen Desprezek. Ines del Rio eta orokorki Parot doktrinari begira Europako Giza Eskubideen Gorteak ukan jarrera eman zuen adibidetzat. Europaren erabaki hori, prozesu demokratiko baten aldeko dinamikan «aitzina pauso garrantzitsu» bat dela zion. «Esperantza pizten du salbuespeneko neurri eta giza eskubideen errespetuan eman beharreko ondoko urratsentzat».

Horrez gain, Belgikako epaileek euskal militante baten Espainiaratzea ukatu izana ere gogora ekarri zuen. Zioenaz, epai hori badator kontra jartzera Paueko Auzitegiak eta Frantziako Kasazio Gorteak Jokin Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaideari begira hartu erabakia. «Frantziako estatuak hartu erabakia ez da zilegi, Belgikak ukan du Espainiaratzea errefusatzeko erreflexua eta ardura, aldaketa kontuan hartuz». Erabaki horiek «keinutzat» jo zituen Funosasek: «Espainiako eta Frantziako justiziak hasten dira bakartzen haien ikuspegian».

Haatik, Frantziako eta Espainiako estatuek eta eragile batzuek mantenduriko «gogorik eza» deitoratu zuen Bake Bideak. Herrira mugimenduaren kontrako polizia operazioa, Aranalderen aurkako euroagindua zein Herrira-ko Emilie Martin Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu izana gogoan ukan zituzten. «Gaur egun, trantsizio bat izan behar da, eta Justiziak horretan lagundu behar du», Desprezen hitzetan. Gatazkan Frantziako Estatuak duen erantzukizuna oroitarazirik, Aieteko Adierazpenaz geroztik Parisen partetik aldaketarik egon ez izana gaitzetsi zuten.

Gizarteak duen «indarra» berretsiz, Parisen jarrera aldarazteko determinazioa plazaratu zuten. «Frantziaren jarrera aldatzeko parioa egiten dugu. Espainiarekiko lerrokatzea uzteko parada du. Edo segitzen du bakartzen itsuki konponbidearen kontra den estatu batekin edo prozesua garatzeko pausoak eta bermeak ematen ditu, betiere giza eskubideen errespetuan eta elkarrizketari bide emanez».

Comments are closed.