(Berria) Bake Bideak mobilizaziora deitu du
2013-06-28
Euskal iheslari politikoen atxiloketak salatzeko manifestazioa egingo dute uztailaren 20an Baionan, 16:00etan
Herri mobilizazioarekin estatuen blokeo jarrera alda daitekeela dio Bake Bideak
Jenofa Berhokoirigoin Baiona
Aste honetan burutu iheslari politikoen atxiloketei mobilizazioaren bidez erantzutea erabaki du Bake Bidea mugimenduak. Errepresioa bukatu, bake prozesua orain lemapean, manifestazioa eginen dute uztailaren 20an 16:00etan Baionako Euskaldunen plazatik hasita. «Gizarte zibilaren indarrarekin lortu dezakegu Frantziako eta Espainiako estatuen jarreraren aldaketa», Anais Funosas eta Christian Desprez Bake Bidea taldearen ordezkarien arabera.
Beñat Atorrasagasti, Jokin Aranalde eta Aitor Zubillaga Zurutuza iheslari politikoen atxiloketei buruzko irakurketa plazaratu zuten atzo, Baionan egindako prentsaurrekoan. Iheslarien aurkako euroagindu horiek ekainaren 15ean Miarritzetik luzatu mezu politikoari «emandako erantzuna» direla deitoratu du Bake Bideak. Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidea izanki, egoera are larriagoa dela ohartarazi zuen Desprezek. François Hollanderen gobernua «sistematikoki Espainiari lerrokatu» izana ez dute onartzen. «Duela urte bat gutun bat bidali genion Hollanderi, herri honetan gertatzen ari zena kontutan hartu eta euskal gatazkaren kudeaketan aldaketa eskatuz. (…) Atxiloketa horiek ez dira aldaketaren seinale… Oso larri da, prozesua blokeo egoeran mantendu nahi dute», Funosasen hitzetan.
Estatuek blokeo logikarekin segitu arren, euskal gizarteak horren gainetik pasatzeko borondatea duela azaldu zuen Bake Bideak. Adibidetzat eman zituzten azken hilabeteetan Baionan, Iruñean zein Bilbon egindako Bake Foroak. «Aitzinamendu horiek ezin ditugu ez kontutan hartu, euskal gizartea martxan da». Diotenaz, herritarren inplikazioari esker etorriko da unea non estatuen jarrera egonezina izanen den.
Zubillaga baldintzapean libre
Baldintza pean aske utzi zuten atzo, herenegun Saran (Lapurdi) atxiloturiko Zubillaga Zurutuza iheslaria. Asteartean azaldu beharko du Paueko auzitegira, bere aurkako euroagindua aztertuko dute orduan.
Utzi erantzuna
Iruzkinak bidaltzeko saioa hasi behar duzu.