(Kazeta.eus) Bake prozesuan barneratzeko galdetuko diote frantses Estatuari gaur

Duela hiru urte ospatu zen Aieteko konferentzian ziren denak. 2012ko abenduan Baionako fakultatean elkartu ziren berriz ere. Ipar Euskal Herriko alderdi guziek bat egin dute gatazka politikoaren konponbidearen alde eta gaur igurikatzen den agerraldiak beste urrats bat adierazten du bide horretan. Brian Currin eta Lokarri bakearen aldeko elkarteak gidaturik, tokiko arduradun politikoek frantses Estatua interpelatuko dute eta gatazkaren konponbidean inplikatzea galdeginen diote. Idazkia urte bat eta erdiko lanaren emaitza da.
Hego Euskal Herrian eragile politikoen batasuna ez da kausitu oraino, haatik, gizarte zibiletik eratortzen den Foro Sozialak gatazkaren konponbidean bide berriak jorratzen segitzen du. Lokarrik eta Bake Bideanek antolaturik, joan den ekainan ospatu zen bigarren foroa eta Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall-en presentziarekin, atzo, mintegi horren ondorioak aurkeztu zituzten antolatzaileek. Arreta berezia egin zioten presoen gaiari.
Alor horretan, lau aholku edo errekomendazio egin dituzte: presoen hurbiltzea; eri diren presoen eta adineko presoen baldintzapeko askatzea; zigorra bete duten presoen askatzea atzeratzen duten neurrien indargabetzea eta presoen parte-hartzea elkarbizitzan eta bake prozesuan. Urrats horiek guziek presoen “reintegrazioaren” (askatzearen) bidea jorratuko lukete. Brian Currin abokata Hego Afrikarrak ohartarazi du, alabaina, horretara heltzeko kartzelen kudeaketarako ahalmena Gasteizeko gobernuari egokitu beharko lioketela, Estatuek ez bailukete halakorik eginen hain erres. Eta erantsi du : “ez ginuke preso politikorik ukan behar 20 urteren buruan”.