(Kazeta.eus) Ipar Euskal Herriko eragile politikoek euskal presoak askatzea eta ezagupen instituzionala galdetzen diote frantses gobernuari

24/10/2014
Argitaratua: 2014-10-24 21:04:05

2011ko urriaren 17an Aiete ziren Ipar Euskal Herriko eragileak prentsaren aitzinean agertu dira, ostiral huntan, Baionan. Brian Currin abokata Hegoafrikarrak, Raymond Kendall Interpol-eko buru ohiak, Alberto Spektorowski aditu Israeldarrak eta Lokarri bakearen aldeko elkarteak antolaturik, adierazpen bateratu bat aurkeztu dute eragile sozial eta politikoek. UMP-tik hasita, PSeraino, abertzaleetatik iraganez, eragile horiek guziek (ikusi beherago) frantziar gobernuari eskakizu zehatzak luzatu dizkiote bake prozesuan barneratzeari begira. Gatazkarekin lotutako presoen askatzea, berriz adiskidetzea eta Ipar Euskal Herriko erakundetzean urratsak emaitea galdegiten diete gobernu sozialistari. Prozesu horren buruan “amnistia lege bat” beharrezkoa dela diote. (adierazpena beherago).

Orain arte ikusi ez den ekimena da honakoa. Gatazkaren alor guziak barneratzen dituen proposamena aurkeztu dute eragileek. “Ipar Euskal Herrian kontsentsua eragiten ahalko luketeen proposamenak” direla uste dute, haien sindikataren edo alderdiaren izenean edota soilik beren burua ordezkatzen duten sinatzaileek. Aieteko konferentziaren eta segitu zuen ETAren armen uztearen ondotik Ipar Euskal Herriko eragileek beren prestutasuna erakutsi zuten prozesuaren alde, beren heinean, ekarpen bat egiteko.

Egun, Jakes Bortayrouk eta Jean-René Etchegary irakurri duten testua Aieteko deklarazioaren bost punduen garapen gisa aurkeztu dute. Zuzenean frantses gobernuari zuzentzen dio eskakizunen zerrenda “Frantzia gatazkaren eragile bat” delako. Galdegiten dio, ETA eta bere arteko elgarrizketa manera “konfidentzial” batean iragaitea.

Presoen askatzea
Gobernamendu frantsesaren eta ETAren arteko elgarrizketa ondoria liratezkeen presoekiko bi motatako neurriak hartzea galdegiten du dokumentuak: egungo kuadro juridikoan sartzen direnak (hurbilketa, baldintzapeko askatzeak, reinserzio sozialerako plana) eta kuadro juridiko berri bat galdegiten dutenak (gainerateko presoen askatzea, ETAko militanteen kontrako prozedura juridikoen gelditzea, euroaginduaren deuseztatzea delitu politikoei dagokienez…). Ororen buru, gatazkarekin lotutako presoen askatzea eragingo luketeen neurriak aipatzen ditu, amnistia lege batekin bukatu litzatekeen prozesua.

ETAren jarduera armatuari dagokionez, erakundearen eta gobernu frantsesaren arteko akordio bat lehenesten du dokumentuak, desarmerako eta bere azpiegituren desegiteko balioko lukeena.

Bake iraunkorra, ezagupen instituzionaletik abiturik
Gatazkaren ondorioak eta berriz adiskidetzearen alorrean, “egia eta berriz adiskitzea” gisako batzorde bat sortzea proposatzen du. “Frantziako Euskal Herriaren kuadro juridiko, politiko eta instituzionala” atalean, azkenik, kuadro instituzional berezi bat “bake iraunkor bat lortzeko ekarpen baikor litzatekeela baieztatzen du” adierazpenak.

Adierazpena osorik : Frantziako Euskal Herriko elkarrizketa taldea

2011ko urriaren 17an, Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin zen Donostian. Konferentziaren bukaeran “Aieteko deklarazioa” izenpetu zuten nazioarteko gatazken konponketa lanetan diharduten hainbat buruzagik.

Frantziako Euskal Herriko hautetsi edota alderdi baten ordezkari garenok onespena eman diegu, bakoitzaren izenean ala gure alderdien izenean, Aieteko deklarazioari bai eta honek biltzen dituen puntuei ere, testu horrek balio zuelako trantsiziozko bide orri gisa bakerako bidean. Horrek bultzatu gaitu elkarren arteko lan baten eramatera Aietez geroztik, 2011ko urriaren 20an ETA-k eman zuen su etenaren ondorioz hasitako bake prozesuari ekarpen baten egiteko gure engaiamendu azkarraren bidez.

Elkarrizketa prozesu horretan, Aieteko deklarazioan aurkitzen ziren puntuak garatu ditugu eta bake prozesuari ekar geniokeenaz gogoeta bat eraman dugu. Hemen aurkezten dugun dokumentuan puntu ainitzetan lortu dugun adostasuna nabaritzen da. Proposamenak ere ekartzen ditu, gure ustez Frantziako Euskal Herriko jendartean onarpen zabala lor lezaketenak.
Gure nahia bidean den prozesuari ekarpen baikor baten egitea da, elkarbizitzaren alde neurrien hartzeko egiazko aukeren argitara ekartzea eta bake iraunkor baten oinarri sendoen abiatzea Euskal Herri osoan.

1. Frantziako gobernu eta ETAren arteko elkarrizketa

Gatazkaren konponketan Frantziaren parte hartzea beharrezkoa izanik, Frantziako gobernuak ETArekin elkarrizketaren partaide izan behar du. Lehen denbora batean, eta elkarrizketak ahal bezain ongi pasa daitezen, maila pribatu batean eginen dira. Aurrerapauso nabarmenak emanak izanen direnean, orduan maila publiko batera pasa daitezke.
Ondoko puntuak aipa daitezke elkarrizketa prozesu horretan :

A) Gaurko marko juridikoaren barnean eta Giza eskubideak errespetatuz hartu daitezkeen neurriak :
– Auziperatuak izan diren preso guztien bai eta auziaren zain diren presoen hurbilketa, elkartzea eta preso sartua den pertsonaren eskubideen salbuespenik gabeko aplikazioa.
– Baldintzapeko edo behin-behineko askatasun neurriak ukan ditzaketen pertsonen libratzea, eri diren edota kondena bukatzear duten presoenak ere.
– Presoen ber gizarteratze plan bat (lana, etxebizitza, erretretarako laguntzak…) Erakunde publikoek apailaturik.

B) Adostasun politikoa eta marko juridiko berria eskatuko duten neurriak :
– Instantzia berezitu baten sorrera, ondoko auziak trinkatzeko :
* kondena ukana duten bainan baldintzapeko askatasun neurririk eska ez dezaketen presoen askapenerako baldintzak bai eta  auziaren zain bainan behin-behineko libratzea lortzen ahal ez dutenenak ere.
* errefuxiatuek beraien bizilekuaren libreki hautatzeko eskubidea
* Prozedura polizial eta juridikoen gelditzea ETA-ko militanteen aurka eta hauen egoeren ikertzea kasuz kasu.
* Delitu politikoen kentzea Euroaginduaren aplikaziotik.
*Euskal gatazkari loturik dauden kasuetan Euroaginduen aplikazioan derogazio sistema bat sortzea.

– Epe luzean amnistia lege baten sortzea euskal gatazkari loturik dauden kasuentzat.

C) ETAren jardun armatuaren bukaerari lotutako neurriak
– Nazioartearen kontrolpean Frantziako gobernu eta ETAren arteko akordioa, Frantzian ETA-ko azpiegiturak nola desegin eta desarmatu argituko dituzten baldintza eta egin moldeen definitzeko eta bururaino eramateko.

2. Gatazkaren ondorioak eta berradiskidetzea
“Egia eta berradiskidetzea” motako berezilari talde bat sortu behar litzateke, gatazkari lotutako gertakariak argitzeko, biktima guztien sufrikarioaz ezagupen orokorra bermatzeko eta xuxentze/ordaintze bide ezberdinen definitzeko (soziala, ekonomikoa…).
Berradiskidetze arazo aipatu behar litzateke bake prozesuaren hasieratik eta prozesuan inplikatuak diren aktore bakoitzaren erritmoak errespetatuz.
Prozesu horretan gobernuen engaiamendua nahitaezkoa izanen da.

3. Frantziako Euskal Herriaren kuadro juridiko, politiko eta instituzionala
Frantzia mailan, deszentralizazioaren legearen 3. urratsak eztabada ideki du eta Frantziako Euskal Herriarendako koadro instituzional egokiena definitzeko aukera eman du : estatutu bereziko lurralde kolektibitatea. Lurralde kolektibitatearen proposamenak adostasun politiko zabala eta jendartearen inplikazio azkarra lortu ditu.
Instituzioen antolaketaren arloan lege aldaketa garrantzitsuak oraindik etortzekoak direlarik, gaur egun beste aukera batzuk ere eztabaidatzen ari dira.
Hala izanik ere, Frantziako Euskal Herriari marko instituzional berezi baten ematea bake iraunkorra bermatzeko etapa baikorra izanen da.

2014ko urriak 24ean, Baionan izenpetua

Adierazpenaren izenpetzaileak :
Jean-René Etchegaray, Baionako auzapeza eta Aturri Kostaldeko Hiriguneko lehendakaria (Modem-UDI).

Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapeza eta Pirineo Atlantikoetako Kontseilu nagusiko lehendakari-ordea (PS).

Max Brisson, Kontseilari nagusia, Miarritzeko hautetsia, departamenduko UMPko idazkaria.

Frédérique Espagnac, senatore (PS).

Jean-Jacques Lasserre, senatore, Pirineo Atlantikoko kontseilari nagusia, Hautetsien Kontseiluko lehendakaria (Moden).

Xabi Larralde, Sortuko ordezkaria.

Jakes Bortayrou, Abertzaleen Batasuneko ordezkaria.

Michel Larralde, Ipar Euskal Herriko CFDT sindikatako idazkari nagusia.

Jean Lissar, Ipar Euskal Herriko EELV ekologisten bozeramailea.

Oharra : Alderdien artean, PNB eskas da, bere arduradunek diotenez “hasieratik ez baita dinamika horretan bateratua izan”.

 

 

 

 

 

 

Comments are closed.