
(Berria) Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute gaur nazioarteko egiaztatzaileek
Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute gaur nazioarteko egiaztatzaileek
Manikkalingam, Kasrils eta Maccabek ETArekin izandako harremanei buruzko azalpenak eman beharko dituzte Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko Chris Maccabe, Loiun, atzo, polizien ohartarazpena jaso ondoren. / LUIS TEJIDO / EFE
ETAren armagabetzea bururaino eramateko Espainiako eta Frantziako gobernuen babesa behar dutela adierazi zuten ostiralean Nazioarteko Egiaztatze Batzordekoek. Horren ordez, Espainiako Auzitegi Nazionalera joateko zitazioa iritsi zaie hurrengo egunean, polizien eskutik: gaur deklaratu beharko dute, 10:00etan, lekuko gisa. Fiskaltzak egin zuen eskaera ostiralean bertan, Covite fundazioaren ekimenez, eta guardiako epaile Ismael Morenok eman du agindua. ETAk desarmatzeari ekin ziola jakinarazteko bideoa non egin zuten jakin nahi dute, eta nor diren han agertzen diren bi etakideak.
Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari agindu zien Morenok egiaztatzaileak aurkitzeko eta jakinarazpena emateko. Loiuko aireportuan (Bizkaia) atzeman zuten Ram Manikkalingam batzordeko burua, berri agentzien arabera, Pariserako hegaldia hartzera zihoala. Ronnie Kasrils eta Chris Maccaberi, berriz, hotelera eraman zieten abisua. Aireportuan elkartu ondoren, Madrilerako hegaldia hartu zuten arratsaldean.
Hiru horiek deklaratuko dute Moreno epailearen aurrean, atzo arratsalderako beren herrialdera joanak baitziren Bilbora etorritako beste biak. Manikkalingamek eta Kasrilsek egiaztatu zuten bertatik bertara ETAk armak indargabetu zituela. Eskaera egitean Covitek azaldu zuenez, «terroristei buruz daukaten informazio guztia» ematea nahi dute. Egiaztatzaileak beraiek atxilotzeko ere eskatu zuen SUP Espainiako Poliziaren sindikatuaren bozeramaileak.
Espainiako Gobernuak gutxiespen hitzak izan ditu egunotan egiaztatzaileentzat. «ETAren konpartsa» deitu zien, esaterako, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Bitartekaritza eta segurtasun prozesuetan pertsona esperientziadunak dira guztiak; ministro ohiak edo Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren taldean ibiliak batzuk.
Berria jakinda, erabakia txalotu zuen Covitek. «Zentzugabekeriatzat» jo zuen, aldiz, Lokarriko koordinatzaile Paul Riosek, eta «erabat sinesgaitza eta salagarria» dela esan du EH Bilduko Maribi Ugarteburuk, eta «bake prozesua zapuzteko ahaleginei» erantzuteko deia egin. Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzako idazkari Jonan Fernandezen hitzetan «zaila» da ulertzen Espainiaren jarrera: «Jaurlaritzak aurre egingo die zailtasun hauei nahiz beste batzuei, indarkeria behin betiko eta modu ordenatuan amaitzeko».
«Frantziaren aitzakiak»
Atzo ere izan zen egiaztatzaileek ostiralean iragarritakoaren inguruko erreakziorik. Iñigo Urkullu lehendakariaren bide beretik jo zuten Fernandezek eta Andoni Ortuzarrek, ETArena «pauso txikia,baina beharrezkoa» izan dela esanda. Ezker abertzalearen ustezko barne tentsioetan bilatu zuen arrazoia EAJren EBBko buruak, eta nabarmendu zuen ez dutela aurrerago jo «inork errendizio gisa uler ez dezan». PSOEko diputatu Eduardo Madinaren hitzetan, «berri on txiki bat» izan zen ostiralekoa, eta gaineratu zuen «eskatzen zaien guztian» lagunduko dutela «berri on» hori baiezta dadin.
EH Bai koalizioak, berriz, Frantziaren erantzukizuna azpimarratu zuen. «Frantzia aitzakia merke eta faltsuen gibelean gorde da orain arte», esan zuen Anita Lopepek, eta hura Espainiarekin lerrokatu dela salatu zuen. «Sostengu mezu eta adierazpenetatik urrats zehatzetara pasatzeko garaia da», esan zuen, eta gogora ekarri larunbatean Baionan egitekoa den Bake Forumaren garrantzia.