AIETEKO FOROKO IPARRALDEKO PARTE HARTZAILEEN ARTEAN ADOSTU ADIERAZPENA

Duela urte bat, Donostiako Aieteko jauregian iragan zen Bakearen aldeko Konferentzian parte hartu genuen.

 Urte bat berantago, Euskal Herriko Bake prozesuaren aldeko engaiamenduari eusten diogu.

Halaber, Aieteko adierazpeneko lau punduekiko gure atxikimendua berresten dugu :

 1- ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko.

 2- Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko.

 3- Zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, eginiko minaren aitorpena, biktima guztien aitortza eta berauen laguntza, eta rrekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak eman daitezen eskatzen dugu.

 4- Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako. Gure esperientziak azpimarratzen duenez, hirugarren parte hartzaileek, begiraleek edota laguntzaileek, elkarrizketa bideratzen laguntzen dute. Hemen ere, gatazkarekin zer ikusirik duten parteek horrela erabakiko balute, elkarrizketa nazioarteko laguntzaileen bidez ere bidera liteke.

Aieteko adierazpenaren lehen pundua bete ondoren, garrantzitsua iduritzen zaigu Euskal Herriko Bake prozesua aintzina joan dadin, bereziki gatazkaren ondorioen inguruan urratsak gauzatuz.

Guri dagokigunez, eta gure ekarpena xumea izanik ere, jakinarazi nahi dugu Aieteko adirazpenaren laugarren pundua martxan jartzeko prest garela eta disposizioa dugula Konferentzian parte hartu duten Euskal Herriko aktore politikoen artean eztabaida abiatzeko, bake prozesuaren aintzinamendua lagundu dezaketen gaien inguruan.

 Euskal Herriko alde honi dagokionez, azken asteetako aktualitate politikoak eztabaidaren bihotzean kokatu ditu ondoko elementuak :

 Aieteko konferentziaren biharamunean, ETAk ekintza armatuen behin betirako amaiera iragarri eta efektiboki gauzatu ondoan, espainiar zein frantses gobernuak eta ETAren ordezkarien arteko elkarrizketaren beharra, desarmea eta gatazkaren ondorioei loturiko gaien inguruan.

. Gatazkaren biktima guziak eta beren sufrimendua aitortuak izatearen beharra.

. Aurore Martinen kontrako euroaginduaren gisako prozedura juridikoak oraindik indarrean mantentzeak sortzen duen arazoa.

. Euskal gatazkaren ondorio diren presoen egoera eta azaroaren 10eko manifestaldian eskatu bezala, frantses legeak onartzen dituen hurbilketa eta baldintzapeko askatasuna gisako neurriak aplikatuak izan dakizkien.

. Gatazkaren ondorioz beren etxetik erbesteratzera behartuak izan diren eta euskal gizartearen baitan bizi normalizatu bat berreskuratu nahi duten pertsonen egoera.

Aieteko Konferentziaren partaide gisa, gai hauen konponketa eta Euskal Herri osoan eztabaida baten martxan ezartzea beharrezkoa dela berresten dugu, horretarako nazioarteko bitartekarien laguntza ezinbestekotzat jotzen dugularik.