Bake-prozesua ez da aitzinatzen, eta, nahiz eta urrats nabarmenak egin diren orain arte, presoen auzia geldirik da.
Jakes Esnal eta Ion Parot ETAko bi preso zaharrenen egoera da horren adibiderik argiena (1990eko apirilean bizi-arteko kartzela-zigorra ezarri zieten). Eta 71 urtetik gorako bi presoek 32. Urtea bete zuten giltzapeturik 2022ko apirilean. Zigorrak ezartzen dituzten epaileak baldintzapeko askatasunaren aldekoak dira. Baina PNAT terrorismoaren kontrako prokuradoreak, erabaki horiek sistematikoki errekurritzen ditu, irteerari eta birgizarteratzeari uko eginez, eta heriotza-zigorrera eramanez.
Blokeo-egoera horren ondorioz pazientzia agortzen ari da Ipar Euskal Herrian. Frantziako presidenteak egin adierazpenak zergatik ez dira politika penal berri baten aplikapenarekin gauzatu? Badakigu ofizialki banakako dosierretan ezin bada esku hartu ere, egoera orokor bati buruzko jarraibideak eman daitezkeela, egoerak bilakaera erradikal eta positiboa izan duelarik. Kontuan hartzekoa da hori.
Ez dirudi Parisen aldaketarik dagoenik, baina, aldi berean, mugimendu berriak ikusi ziren Madrilen. Euskal Herrira ehun bat preso baino gehiago hurbiltzeak eta presoei esleitutako garduen bilakaerak ikuspegi berriak erakusten dituzte.
Mobilizazio fase berri bat
Prozesuak aurrera egin dezan etapa saihestezina den presoen auzia konpontzeari Estatuak erakusten dion axolagabetasun-sentimenduari aurre egin nahian, bake artisauek eta Bake Bideak fase berri bat jarri zuten abian 2022ko urtarrilaren 8an, Jon Parot eta Jakes Esnal ahal bezain fite askatzeko helburuarekin, eta orohar Frantzia eta Espainiako preso guzientzat konponbide bat atxemaiteko helburuarekin, Unai Paroten kasuan besteak beste.
Fase berri honetan, ekintza indartsuagoak, zehatzagoak, ikusgarriagoak egiten dira, eta horien graduazioa desobedientzia zibilera irits daiteke, bere ezaugarriekin: ekintza pertsonala eta arduratsua da, baina kolektibo batean egiten da, modu publiko, onartu, garden eta ez bortitzean, denen errespetuan. Hurrengo hauteskunde legegileetan, euskal gizartearen ahotsa Estatuko maila gorenean entzunarazi nahi da.
Elkarrekin, hautetsiek, erakundeek, elkarteetako militanteek, beti egin dute indarra bereizten dituena baino biltzen dituena balioesteko. Kontua ez da egin ez duguna konpontzearen zama etorkizuneko belaunaldiei uztea!