BAKE PROZESUA INDARTZEKO 2. FORO SOZIALA

2014 – Iruña eta Bilbo

 Lokarri-rekin antolaturik

 

foro-soziala-2014_14487042084_o

 

Foro Sozialaren ondorioak

 

Bakearen aldeko Eztabaida Soziala

 

Foro Sozialean parte hartu zuten adituek gure bake prozesuaren kasua munduan bakarra zela azpimarratu zuten. Espainiako Gobernuaren kolaborazio ezak zailtasunak eta ziurgabetasunak sortzen ditu, baina aukera bat da baita ere, herritarrek hutsune hori betetzeko eta gizarteak bake prozesuan protagonismoa hartzeko. Horrela, bake prozesuak partaidetza eta legitimotasuna irabaz ditzake.

 

Adituek gizarteak bake prozesua errotzeko bideak identifikatzeko ariketa bat egin dezakeela nabarmendu zuten. Hori da Foro Sozialak orain arte egindako lanaren zati bat, bai 2013an burututako saioen bidez, nola iazko ekainean aurkeztutako gomendioen eta 2014ko ekainean burututako azken saioen bidez ere.

 

Gizartea bake prozesuan inplikatzeko eta proposamen berriak egiteko lan honek eztabaidarako eta adostasunerako guneak zabaltzea eskatzen du, gune horiek aniztasunean irabaztea, herri mailan hedatzea eta parte-hartze handiagoa sortzea. Adibide bat Iparralde litzateke, non Bake Bideak lan handia egin duen zentzu horretan.

 

Horregatik Foro Sozialak bake prozesua errotzeko Eztabaida Sozial prozesu bat bultzatzeko konpromisoa hartzen du. Bizikidetza errotzeko eta gizarte zibiletik elkarrizketarako guneak inplementatzeko gutxieneko akordioak identifikatzea litzateke Eztabaida Sozial honen helburua; era berean, akordio horiek esparru instituzionalean bere isla izango lukete gerora.

 

Hortaz, Foro Sozialak bake prozesuaren martxan interesa duten pertsona eta erakunde guztiei dei egiten die bakearen aldeko Eztabaida Soziala bultzatzeko lehen pausoak emango diren herritarren arteko topaketan parte hartzeko.

Bakearen aldeko eztabaida soziala Nafarroan

Bake prozesuan Nafarroak izandako paperari buruzko eztabaidan parte hartu zuten adituek Foru Komunitateak indarkeria, Giza Eskubideen urraketa, borroka eta elkarrizketa ezazko urte guzti hauek ere sufritu izan dituela azpimarratu zuten.

 

Nafarroak bake prozesuari ekarpen positibo bat egiteko aukera eta ardura du. Hori bizikidetza integratzaile batentzako mesedegarria izan daiteke. Adituak elkarrizketarako eta adostasunerako guneak sustatzearen garrantzian ere bat etorri ziren.

 

Horregatik, Foro Sozialak Nafarroako herritar eta erakunde guztientzako parte-hartzerako eta eztabaidarako gune bat eskaintzeko konpromisoa hartzen du baita ere Eztabaida Sozialaren baitan.

 

Presoen Giza Eskubideen errespetua eta hauen itzultzea

Bake Bidea eta Lokarrik 2013ko maiatzean bake prozesua bultzatzeko gomendioak aurkeztu zituzten. Gomendioen ataletako batek bake prozesuan presoen itzultzea errazteko proposamen anitzak zituen ardatz:

 

 

4.- Preso eta iheslarien gaiari buruzko konponbide integral bat adostea gomendatzen dugu. Elkarbizitza egonkorra eta iraunkorra eraikitzeko funtsezko elementua da. Horretarako, legeak errealitatera egokitzea eta justizia trantsizional bat ezartzea beharrezkoa dela deritzogu, jendarteari elkarbizitza errotzen lagunduz. Aldi berean, hasiera puntu bezala, giza eskubideen kontra edo presoen trataera humanitarioaren kontra doazen espetxe politikaren aspektuak aldatu behar dira, nazioarteko estandarren kontra doazen salbuespen neurriak bertan behera utziz. Hala nola: gaixo larrien egoera, zigorra bete duten presoak aske uzteko ezezko jarrera eta sakabanaketa, familiak zigortzen dituena.

 

5.- Itzultze prozesua lege baliabideak erabiliz gauzatzea gomendatzen dugu; prozesua integrala izanik, era mailakatuan, banaka eta zentzuko denbora-tarte batean gauzatu behar dela onartuz. Presoek bake eszenatoki berriarekiko konpromezua agertzea eta indarkeriazko bideei uko egitea eskatzen du prozesu honek. Gainera, bere jardueraren ondorioz egindako mina aitortu behar dute.

 

6.- Bake eta normalizazio prozesuaren garapenean presoak eragile aktiboak izatea gomendatzen dugu. Horregatik, garrantzitsua da presoen eta euskal herritarren eta erakunde eskudunen arteko harremanak eta iritzien partekatzea erraztea, etorkizunean inongo indarkeriak tokirik izango ez duen elkarbizitza bultzatzeko helburuarekin.

 

Joan zen ekainean egindako Foro Sozialak gomendio hauen garapena ahalbidetzeko proposamenak izan zituen hizpide berriz ere. Horretarako, Giza Eskubideetan, presoen gizarteratzean eta bake prozesuan beren partaidetza bultzatzean adituak direnen ekarpenak baliatu ziren.

 

Azaldutako ideiak kontuan hartuta, erakunde antolatzaileek presoen itzultzearen inguruko hurrengo proposamenak helarazi nahi dituzte:

 

1- Presoen Oinarrizko Eskubideen errespetuari dagozkien gaiak eta presoen itzultzeari dagozkienak bereiztea proposatzen dugu. Presoen Oinarrizko Eskubideak, giza duintasunaren errespetua merezi duten pertsonak diren heinean, bermatu egin behar dira baldintzarik gabe, edozein dela ere bake prozesua eta bizikidetzarekiko beren jarrera. Bitartean, beren itzultzea ahalbidetuko duten baldintzak argitu eta adostea komeni da.

 

2- Presoen Oinarrizko Eskubideei dagokienez Espainia eta Frantziak onetsitako Nazioarteko Itunak aintzat hartu eta errespetatu behar dira aitzakia eta atzerapenik gabe. Horiek betetzetik hurrengoa ondorioztatzen da:

 

–       Presoak inguru familiar eta sozialetik urrun mantentzeko estrategia bukatu egin behar da, eta beraz, presoek aukeratutako kartzela batera lekualdatu beren itzultzea ahalbidetuko duten loturak mantentzeko gai izan daitezen.

–       Ezin da luzatu larriki gaixo dauden eta adin handikoak diren presoei dagozkien Eskubideen ezarpena. Baldintzapeko askatasuna ezartzeari ekin behar zaio.

–       Giza Eskubideen Europako Auzitegiak defendatu zuen bezala, presoek eskubidea dute beren zigorraren iraupenarekiko itxaropena zein den jakiteko. Horregatik, zigorra bete egin dutenen askatasuna atzeratzeko joera duten neurri guztiak bukatu behar dira.

 

3- Itzultzeari dagokionez, presoen itzultzea errazteko neurri zehatz batzuk proposatzen ditugu:

 

–       Euskal Autonomia Erkidegora eta Nafarroako Foru Komunitatera kartzelen eskuduntza transferitu, Gernikako Estatutuan eta Foru Hobekuntzan adierazitakoarekin betetzeko eta euskal autoritatateak eta autoritate nafarrak izan daitezen itzultze planak kudeatzeko arduradunak, errealitate soziala eta zeregin honi heltzeko behar eta tresna egokiak hoberen ezagutzen dituztenak baitira.

–       Instituzio eta alderdi politikoen adostasuna eta eragile sozialen partaidetza izango duen plana sortu presoen itzultzea garatzeko. Plan honen oinarria hurrengoa litzateke:

 


1) ETArekin lotura, erreala edo ez, izateagatik preso daudenei beste edozein presori bezalako baldintzekin ematea tratamendua
2) egungo egoera aintzat hartua izan dadila, non euskal gizartea bortizkeria eta istilu egoera batetik, bake eta bizikidetza egoera batera igarotzen ari den
3) biktimen memoria eta aintzatespen eskubideekin errespetuz joka dezala
4) presoen inplikazioa izan dezala eta 5) ezberdintasunak eta aniztasuna errespetatuko dituen bizikidetza baketsu batekiko presoen konpromiso garbi batek lagun dezala

 

4- Bizikidetza eta bake prozesuari presoek egin diezaioketen ekarpena dela-eta, hurrengoa deritzogu:

 

–       Beharrezkoa da bake prozesuan presoen partaidetza eraikitzailea bultzatzea. Bai elkarren artean zein beren abokatu eta bitartekariekin eta herritarren ordezkari eta eragile sozialekin hitz egin eta lan egiteko murrizketak kentzeak lagunduko luke helburu horretan.

–       Presoek bizikidetzari egin diezaioketen ekarpen nagusietako bat bake prozesua eta bizikidetzaren aldeko, indarkeria-bideei uko egiteko eta egindako minaren aitorpen zintzoa egiteko konpromiso garbia hartzea da.