Errugabetzea galdegiten dugu Bakegileentzat! Konponbide osoa!

18/03/2024

7 urte baino gehiagoren ondotik Luhuson bildu gara, 2016ko abenduaren 16an bake prozesuaren baitako lehen desobedientzia ekimena gauzatu zen lekuan. Michel Berhocoirigoin, Michel Bergouignan, «Txetx» Etcheverry eta Michel Tubianak sustatu zuten ekimena, Béatrice Molle-Haran eta Stéphane Etchegarayren presentziarekin. “Euskal Herriarendako bortizkeriarik gabeko etorkizun demokratikoaren aldeko ekarpena” egiteko nahikeria aipatu zuten egun hartan egindakoa justifikatzeko.

Zoritxarrez, Michel Berhocoirigoin, Michel Bergouignan eta Michel Tubiana joan zaizkigu ordutik, ez ditugu ahanzten!

Botere judizialak ere ez du ahanzten. Manera ankerrean eta Euskal Herriak bizi duen testuingurua kontuan hartu gabe, apirilaren 2 eta 3an, orduko gertakarietatik 7 urte eta erdira, Béa eta Txetx auzitegi korrekzionalera eramateko hautua egin dute.

Gertakari haietarik 7 urte eta erdira bai, haien ekimenak orduan trabaturik zegoen bake prozesua berriz abiarazteko eragin ukaezina izan zuen arren.

Izan ere, 2011an ETAk su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria iragarri zuen; eta ondotik, Aieteko adierazpenari erantzunez, borroka armatuari bukaera emateko hautuaren berri eman. Nehoiz ikusi gabeko egoera bat agertu zen orduan: erakunde armatu batek, aldebekartasunez, elkarrizketaren bidean engaiatzea onartu zuen.

Hala izanik ere, Oslon proposaturiko nazioarteko mediazioa ukatu zuten frantses eta espainiar gobernuek.

2014an, Baionako adierazpena izenpetu zuten Ipar Euskal Herriko ordezkari politikoek, nehoiz ikusi gabeko kontsentsua berretsiz.

2015ean, Euskal Herriko eragile politikoen eta jendarte zibilaren ordezkaritzak ahots bakarrekin eraman zuen Baionako adierazpena Parisera.

Gai honetan ardura duten Estatuen iniziatiba eta ausardia politikorik ezean, armagabetze negoziatu eta segurtatu baterako baldintzarik ez zegoen; eta bake prozesua, trabatua.

Orduan heldu zen Bake prozesua berriz abiaratzeko Luhusoko ekimen erabakigarria. Anitzek espero zutenari eta ageriko behar bati erantzuten zion. Humiliaziorik eta mendeku izpiriturik gabeko bake iraunkorra eraikitzea zuen helburu.

2017ko apirilaren 8ko armagabetze egunean egikaritu zuen indar kolektiboari bide eman zion Luhusoko ekimenak.

Argi eta ozen, Txetx eta Béatriceri gue erabateko babesa adierazteko bildu gara hemen; baita goizegi utzi gaituzten Michel Berhocoirigoin, Michel Bergouignan eta Michel Tubianari ere.

Duela 7 urte bezala, hemen gaude zuei mila esker errateko! Zuek harturiko arriskuak eta zuen determanizazioak eraman gaitu, gu guziok, armagabetzetik harago, funtsezko urratsak egitera. Ezin beharrezkoagoa zen ekimen hark Aieteko bideorria egikaritzea ahalbidetu du.

Iragan urtarrilaren 18an, bi bakegile horien sustengurako kanpaina bat abiatu genuen. Agertzeko agindu horrek sorturiko ezin ulertuaren berri eman nahi genien botere judizialei zein frantses gobernuari.

5000 herritarrek izenpetu dute errugabetzea galdegiteko deia; haien artean, 8 ministro ohi, 35 parlamentari inguru, hamarnaka auzapez. Hexagonoko jendarte zibileko pertsonalitate, intelektual edo sindikalista batzuek bat egin dute deiarekin.

Giza eskubideen eta bizitza demokratikoaren errespetuaz axolatzen diren gure lurraldeko sentsibilitate politiko guziak eta bertako instituzioak ordezkatzen dituzten hautetsiak ere bat etorri dira.

Deia argia da: Euskal Herrian aro berri bat behin eta betiko ireki ahal izateko, Txetx eta Béatricen errugabetzea ezinbestekoa da.

Sustengutik harago, engaiamendu baten izaera zilegia azpimarratu nahi dugu, haiek harturiko arriskuaren eta urraturiko bidearen aitortza.

Hautetsi zein herritar gisa iraganari aurre eginez arriskuan ezarri diren eta horren ondorioak bere egin eta Euskal Herriarendako beste etorkizun bat eraikitzen segitzen dutenek ez dute lekurik auzitegi bateko akusatuen kadiretan.

Gaur egun, ekimenik eza, isiltasuna eta Euskal Herriko oraingo testuinguruari begirako Estatuaren kudeaketa politikorik eza litzateke benetako arriskua.

Seinale indartsua eta Euskal Herriko bake iraunkorraren aldeko parioaren onarpena galdegiteko, apirilaren 3an, Maule, Donibane-Garazi, Baiona, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko herriko etxeen aitzinean biltzera deitzen ditugu “Errugabetzea Euskal Herrian aro berri bat behin betiko irekitzeko” deialdi anitzarekin bat egiten duten guziak.

Euskal Herrian eztabaida demokratikoa eta elkarrizketarako esparrua mantentzeko egiten dugun etengabeko ahaleginean mugarria den auzi honen ondotik, gatazka armatuaren ondorioen konponbide integralari loturiko perspektiba berriak irekiko ditugu. Herritarren engaiamenduaren eta inteligentzia kolektiboaren bidez, geroari so ezarriko gara!

Errugabetzea galdegiten dugu Bakegileentzat! Konponbide osoa!

Comments are closed.