Prentsaurrekoa: Baionan urtarrilaren 9ko manifestaldian parte hartzeko 180 hautetsien dei amankomuna

06/01/2016

 

CYCv9z1WQAAIyLf.jpg

Sar hitza Yvette Debarbieux hautetsia eta Alice Leiciagueçahar  Lurralde kontseilariaren eskutik

Aieteko adierazpenetik, gero eta ahots gehiago altxatu dira bake prozesu honen garapenaren alde eta Espainiar eta Frantses Estatuek garapen hortan izan beharreko inplikazioaren alde.

Azken mugarria, Asanblada Nazionalean burutu den Konferentzia humanitarioan izan zen. Han ere nazioartetik eta Frantzia mailako goi mailako kargudunek, irmoki bake prozesuaren aldeko aldarria sustengatu zuten.

Irmoki ere azpimarratu zen bake prozesu baten garapenean presoen egoerari aterabide baten atxemaitearen beharra, euskal presoek dituzten giza eskubideen errespetatzearen beharra eta atal honetan Frantses Estatuak eman beharreko pausoak.

Gaur egun euskal presoekiko mantentzen den jarrera ulertezina egiten zaigu. Ulertezina egiten zaigu, euskal presoak dispertsaturik segitzea, ulertezina ere behin eta berriz baldintzapeko askatasunen ukatzea, eta ulertezina, larriki eri den Lorentxa Guimon, epaileek bere baldintzapeko askatasuna onartu eta prokuradorearen deiagatik, gaur beti preso atxikia izaitea.

Egoera horri buelta emaitea denen esku da, eta noski gu gauden hautetsiena ere. Horretarako, azken urte hauetan gizarte zibiletik behin eta berriz bultzaturiko prozesuaren aldeko iniziatiberi erantzunez, kolore politiko guzietako giren hautetsi, kontseilari ala auzapez, datorren larunbatean burutuko den manifestaldiari gure sustengua eman eta bertan parte hartzeko deia luzatuko nahi dugu.

Berriki hasi dugun urte honetan, Euskal presoak Euskal herrira-Konponbidea- Bakea lurralde honen gehiengoaren eskaria dela agertaraztea funtsekoa iruditzen zaigu.

Dei amankomuna Sylviane Alaux diputatua eta Lucien Betbeder Auzapezen Biltzarreko lehendakariak aurkezturik

Euskal presoak Euskal Herrira
Eskubideak.Konbidea.Bakea

 

Bost urte dira, Euskal Herria bake prozesu batean murgildu denetik. Bost urte, Aieteko konferentzia eta ETA armak behin betiko utziko zituela iragarri zuenetik. Garai berri bat sortu zen orduan Euskal Herrian.

Bost urte dira, Euskal Herriko gizarteak -bere aniztasunean- bake prozesuaren eraikitzeko iniziatibak biderkatzen dituela eta Estatu frantses eta espainolak zentzu horretan interpelatzen dituela. Alderdi guzietako hautetsi eta ordezkari politikoek beren sustengu eta proposamenak ere adierazi dituzte. Horren islada izan da besteak beste, 2014ko urriaren 24an plazaratu zen Baionako adierazpena. Adierazpen horrekin bat egiten dugu.

Euskal Herritik kanpo bake prozesuaren aldeko botzak entzuten dira. 2015ko ekainaren 11an, Pariseko Asanblada Nazionalean iragan zen Euskal Herriko bakearen aldeko konferentzia humanitarioa. Ordezkari politiko, sozial eta sindikal zabal batek parte hartu zuen bertan. Konferentziaren ostean, Serge Portelli-k 110 pertsonalitateek izenpetutako Euskal Herriaren bakearen aldeko manifestu bat irakurri zuen.

Konferentzia denboran, besteak beste, euskal presoen gaia izan zen aipagai, batez ere, Frantziako 26 espetxeetan sakabanatuak direnen egoera. Konferentzia denboran, presoak beren senide eta lagunetatik ehunda kilometrotara direla oroitarazi zen.

Gobernuari, eta bereziki, agorrilean presoen hurbilketaren alde agertu zen Christiane Taubira Justizia Ministroari zuzentzen gira eta, hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatzen diogu.

Oinarrizko eskubideen errespetuaren baitan zein familiaren onerako, honako hau eskatzen dugu:

• Euskal preso politikoen dispertsioarekin bukatzea, hurbilketa eta elkartze neurriak hartuz.

• Legalki baliatu ahal luketen presoentzat zigorrak apaltzea eta larriki eri diren presoen askatzea.

Frantses gobernuari eskatzen diogu, ETA talde armatuak armen uztea erabaki duenetik, Euskal Herrian ireki den agertoki berria kontutan hartzea eta bake prozesuan bere burua osoki engaiatzea.

Eskaera horien sustengatzeko, Baionan heldu den urtarrilaren 9an antolatuko den manifestaldian parte hartzeko deiari juntatzen gira.

Comments are closed.