(Berria) Harremanetarako Taldea galdekatu du Frantziako Poliziak Baionan

28/02/2014

Currin, Hazan, Kendall, Casale eta Spektorowski libre utzi zituzten Parisko Levert epailearen aginduz galdekatu ostean

Harremanetarako Nazioarteko Taldea eta egiaztatzaileena nahasi ditu Poliziak

Haserre eta harriturik sartu ziren Baionako polizia etxera Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak. Brian Currin, Silvia Casale, Pierre Hazan, Raymond Kendall, Alberto Spektorowski eta Nuala O’Loan Baionako polizia etxera deitu zituzten, Parisko Laurence Levert epailearen aginduz. O’Loan ez zen agertu, ez baitzen Baionan. Sartu bezala, haserre eta harriturik atera ziren handik. «Oraindik ez dut ulertzen zergatik galdekatu gaituzten; harrigarria da», erran zuen Hazanek, abantzu hiru oreneko galdeketaren ondoren.
Arratsaldeko bostak inguru heldu ziren nazioarteko eragileak polizia etxera. Kanpoan, eragile ugari bildu zen haien sostenguz: hala nola Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, Anaiz Funosas Bake Bideako eleduna, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezordea, Jean Lissar Berdeetako kidea, Jakes Bortairu ABkoa, Peio Dufau CGTkoa, Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko presidenteordea, Xabi Larralde Sortukoa eta Sylviane Alaux Frantziako diputatua. Polizia etxera hurbiltzen saiatu zirelarik, bidea moztu zien poliziak. Eztabaida baten ondoren, polizia etxera sartzen utzi zuen lau pertsonaz osaturiko ordezkaritza. Hastapenean sartu ziren Alaux, Etxegarai, Ezenarro eta Larralde. Azken horri ez zioten sartzen utzi polizia etxeko atarian, eta Christophe Desprez Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligako presidentea sartu zen haren ordez.
Luze bezain antzu
Bi oren eta erdiko galdeketaren ondotik atera zen Hazan. Jakinarazi zuen bi txandatan galdekatu zituztela: lehenean, Kendall, Currin eta Hazan bera, eta ondotik, Casale eta Spektorowski. Xehetasun gutxi zuen emateko. Galdeketak luze jo zuela erran zuen irria ezpainetan, Frantziako Poliziak ez zuelako lortzen informatika sistema martxan jartzerik. Baina ironiaren ondotik, jakinarazi zuen Poliziak nahasi zituela HNTko kideak eta egiaztatzaileen taldeko kideak. Galdeketa antzua izan zela errepikatu zuen, ETArekin loturarik ote zuten jakin nahi zuelako Poliziak.
«Erran diet, eta gainerateko kideek ere horrela adieraziko dute, Harremanetarako Taldeak ez duela neholako loturarik ETArekin, ez zuzenean, ez zeharka». Hiru aldiz errepikatu zuen hori.
ETAri buruz deus ez dakitela nabarmendu zuen. «Poliziaren helburu bakarra zen ETAko norbait ezagutzen ote dugun jakitea, eta haien argazkiak erakutsi dizkigute. Behin eta berriz ezetz erran ondotik, argazkiei begiratu diet kuriositatez; bistan da, nehor ezagutu gabe».
Hazanen ondotik atera ziren Currin eta Kendall, eta laster Casale eta Spektorowski. Guztien iritziz, Egiaztatzaile Batzordearekin nahasi ditu Poliziak.
Galdeketa nork burutu zuen itauntzean, ez zekiela erantzun zuen Hazanek. Galdeketa egin zuten bi poliziak Paristik jinak zirela jakinarazi zuen. «Terrorismo aferak» kudeatzen dituen Levert epailearen agindua zeukatela zehaztu zuen.
Kanpoan ere, harridura izan zen nagusi. Poliziak deitu ez zituen Aaro Suonio HNTko kidea eta Berghof Fundazioko Veronique Dudouet ere polizia hesiaren aitzinean egon ziren.
Atzoko galdeketari eman ahal zaion erantzunik egokiena gaur Bake Forumak emanen diola erran zuten eragileek, adierazpen publikorik egin gabe. Bake Bideak, Lokarrik eta Paue-Aturrialdeko unibertsitateak osorik atxiki dute egitaraua. Laurehun tokiak hartuak daudela jakinarazi zuten.

Kronologia

MUGIMENDU HANDIA

Otsailak 20. Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko kideak Euskal Herrira iritsi ziren.
Otsailak 21. Egiaztatzaile Batzordearen prentsa agerraldia Bilbon: jakinarazi zuen ETAk armategia indargabetzeari ekin diola. Arma eta lehergai zerrenda bat erakutsi zuten, ETAren zigiluarekin. BBCk bideo bat zabaldu zuen berehala: ETAko bi kide, eta Ram Manikkalingam eta Ronnie Kasrils egiaztatzaileak ageri ziren gela batean, eta han zeuden biok aurrez aipatutako armak eta lehergaiak. Manikkalingamek-eta Bilbon bertan hainbat bilera egin zituzten euskal eragileekin. Horietako gehienek jo zuten aurrerapauso gisa ETAren neurria; ordea, Espainiako eta Frantziako gobernuek zioten ez dutela urratsik egingo ETA desegin arte.
Otsailak 22. Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zituen Egiaztatze Batzordeko Malikkaningam, Kasrils eta Chris Maccabe, ETArekin izandako harremanagatik —Covitek egin zuen eskaera—. Bill Clinton AEBetako Gobernuko presidente ohiak Twitterren mezu bat idatzi zuen Euskal Herriko bake prozesuaren alde.
Otsailak 23. Egiaztatzaileek Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten, Madrilen. Kontatu zutenez, Frantziako Tolosan blidu ziren bideoa egiteko, eta ETAk ziurtatu zien arma eta lehergai haiek erabilerarik gabe utziko zituela. Ismael Moreno epailearen aurrera joan aurretik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren babesa jaso zuten Madrilen, bisita baten bidez. Lula da Silva Brasilgo gobernuburu ohiak atxikimendua adierazi zion Aieteko Adierazpenari. Le Monde Frantziako kazetak, editorial batean, Espainiari aurrerapausoak eskatu zizkion.
Otsailak 24. Lokarrik bertan behera utzi zuen Donostian Aieteko Adierazpenaren izenpetzaile batzuekin bi egun geroago egitekoa zuen konferentzia, hau «garai egokia» ez delakoan.
Otsailak 26. Aieteko Adierazpenaren sinatzaileetako Jona-than Powellek, besteak beste, Urkullurekin, EAJrekin, Sorturekin eta PSE-EErekin bilerak egin zituen Euskal Herrian. ETAren armagabetze igarpena baikor baloratzen dutela esan zioten. Rajoy: [ETAren desarmatzeaz] «Zergatik egin behar dut nik zerbait?».
Otsailak 27. Brian Currin bitartekaria Euskal Herrira heldu zen, Baionako gaurko Bake Forumean parte hartu aurretik hartu-eman batzuk burutzeko.
Otsailak 28. Frantziako Poliziak Baionako polizia etxera deitu zituen Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak, «terrorismoari» buruzko galdetegi bat erantzuteko.

Comments are closed.