(Berria) Egiaztatze batzordea Euskal Herrian da, ETAren desarmatzearen “keinu” baten berri emateko

21/02/2014

egiaztatze 214:00etan agerraldi bat egingo dute Bilboko Carlton hotelean

 

Atzo eguerdian iritsi zen Euskal Herrira ETAren su-etena egiaztatzeko sortutako Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordea. Ikusmin handia sortu du lantaldearen agerraldiak, ETAren desarmatzearen “keinu” baten berri emango duela iragarri ostean. Bilboko Carlton hotelean izango da agerraldia, 14:00etan.

Berria.info 2014-02-21 – 07:39:18

Desarmatzearen inguruko zurrumurruak egiaztatzaileek Euskal Herrira etorriko zirela iragarri aurrekoak dira; albistearen berri eman zutenean, beraz, ikusmin handia sortu zen hedabideetan.

Hori dela eta, Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak zuhurtzia eskatu zuen, egiaztatzaileek esango dutenari itxaroteko. Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak adierazi duenez, “esanguratsua” izan daiteke egiaztatzaileek emango duten informazioa, baina uste du balizko desarmatzeari buruz hitz egitea “espekulatzea” dela. Bake prozesuari dagokionez, ezker abertzaleak baieztatu du aldebakarreko pausoak ematen jarraituko duela, azken urteetan “tresna eraginkorra” dela erakutsi duelako. Horrez gain, Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio “ikusle soil” izateari uzteko eta prozesuan inplikatzeko.

Gaurko agerraldiaz gain, hainbat eragile politiko eta sozialekin bilduko da Egiaztatzaileen Batzordea: EAJ, EH Bildu eta PSE-EErekin, CCOO, UGT, ELA eta LAB sindikatuekin, Confebask EAEko enpresarien elkartearekin eta Elizako ordezkariekin. Atzo bildu ziren egiaztatzaileak Urkullurekin, gaurko agerraldiaren nondik norakoez hitz egiteko.

Ram Manikkalingam (Sri Lanka) buru dela, Ronnie Kasrils (Hegoafrika), Chris Maccabe (Erresuma Batua), Satish Nambiar (India), Fleur Ravensbergen (Herbehereak) eta Aracelly Santanak (Ekuador) osatzen dute taldea.

 

Comments are closed.