{naiz}Bakearen aldeko foroa antolatuko dute otsailean Baionan
Bake Bideak eta Lokarrik bakearen aldeko Foroa antolatuko dute Baionan heldu den otsailean, «aterabide politiko, demokratiko eta baketsu bat» lortzeko, gatazkaren auzia «bere osotasunean» hartuta. Gizarte zibilak gatazkaren konponbidean duen garrantzia nabarmendu dute.
NAIZ.INFO|BAIONA|19/12/2013
Bake Bideak jakinarazi duenez, bakearen aldeko foroa antolatuko du Baionan heldu den otsailean, Lokarrirekin batera. Gatazka «bere osotasunean» kontuan hartuta, «konponbide orokor bat» aurkitzea da eta, ildo horretan, gizarte zibilak gatazkaren konponbidean duen garrantzia nabarmendu dute Bake Bideako ordezkariek.
Martxoan Bilbon eta Iruñean egin ziren saioen ondotik maiatzean plazaratu ziren hamabi gomendioak aztertu eta jorratuko dituzte otsaileko hitzorduan. Horrekin batera, bake prozesuaren eraikuntzan metodo bat hausnartzen eta marrazten saiatuko dira.
Baionan egin duten agerraldian, Estatu frantsesaren jarrera salatu dute, espainiarrarekin elkarlanean jarraitzen duelako. Nolanahi ere, bi estatuen jarrera «blokeoa» baino gehiago «oztopoa» dela esan dute, eta hori gainditu daitekeela sinetsita, baikor agertu dira zentzu horretan.
«Gizarte zibilak badu boterea eta gaitasuna egoera aldatzeko, estatuak ados izan edo ez», nabarmendu du Anaiz Funosasek.
Jendearen mobilizazioari esker hainbat alorretan aurrerapausuak egin direla uste du Bake Bideak, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren inguruan emaniko epaia eta Belgikako auzitegi batek «euskal militante politiko bat Espainiaratzea» baztertu duela gogora ekarri dute. «Jendarte zibilak eta nazioarteko sustenguak prozesua aintzinarazten segitzen dute», adierazi dute.