(Kazeta.eus) Aieteko ataritik, Bake Bideanek urratsak egitea galdegin dio Estatu frantsesari

17/10/2014
Argitaratua: 2014-10-17 17:43:00

Duela hiru urte, 2011ko urriaren 17an, nazioarteko eta Euskal Herriko hamarka eragile elkartu ziren Aieteko jauregian bake prozesuari bultzada emaiteko xedearekin. (Raul BOGAJO)

Euskal Herriko bake prozesuan mugarri izan zen Aieteko konferentziaren hirugarren urteurrena betetzen da gaur. 2001ko urriaren 17tik hunat egindako bideari begira jartzeko aitzakia izan da Bake Bidea mugimendu zibilarentzat. Prentsa-ohar batean salatu duenez, bake prozesua “Estatu frantses eta espainiarrek bakarrik blokatzen dute, bakearen aldeko apostuari uko eginez”. Zentzu horretan, “urtemuga horrek balio du Bake Bideak beste behin ere deia luzatzeko Gobernu frantsesari bere burua engaia dezan Aieteko adituek proposatu elkarrizketan”.

Euskal Herrirako bake prozesu baten aldeko mugimendu zibilak inplikatutako bi estatuak “gero eta bakartuagoak” ikusten ditu, prozesua blokatzen duten eragile bakarrenetarikoak diren heinean. Bake Bidearen ustez presoen arloan urratsak egitea litzateke prozesuari bide emaiteko manera : “[nazioarteko] adituek galdegin zuten bezala, ETAk borroka armatua gelditu zuen eta hain zuzen pausu hori kondutan hartu izan behar da, besteak beste, presoen gaiari begira aurrerapausuak emateko”.

Horren ondoan, azken hiru urteetan eragile sozial eta politikoak naiz nazioarteko eragileak mugitu direla ohartarazten du Bake Bidean-ek : “Alde batean edo bestean gatazka honek eragindako sufrikarioa aintzat harturik, azken hiru urteetan bultzatu da bakearen aldeko dinamika, eta gaur egun dinamika hortatik bakea eraikitzeko mobilizazioa indarturik agertzen da”.

Alde batetik, ETA-k, Preso politikoen kolektiboak eta iheslari politikoen kolektiboak “bake prozesu baten aldeko pausu adierazgarriak” eman dituztela iduritzen zaio. Bestetik, jendarte zibila “antolatzen” hasi dela nabartzen du. Horren adibide, Baionan eragile sozial eta politikoak bildu zituzten foroak aipatzen ditu. “Eztabaida gune horiek, aldi oro, aktore sozialak nahiz politikoak baita ere pertsona anitzak biltzen dituzte. Aniztasun hori aberastasun iturria da, bereziki Iparraldean”, azpimarratzen du mugimendu zibilak.

Urrats adierazgarriak
Bateratze horrek ekarri ditu Baionan antolatutako presoen eta iheslarien eskubideen aldeko manifestaldi arrakastatsuak, hala nola joan den ekainekoa. 8 000 pertsona bildu ziren orduan eta ipar Euskal Herriko parlamentari guziek ekarri zuten beren sustengua. Urrats adierazgarri gisa ere aurkeztua, Europa mailan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot jurisprudentziari buruz hartu zuen erabakiak 50 bat euskal preso politiko askatzea halabidetu duela oroitarazten du.

2011ko Aieteke Konferentziaren aurpegi esanguratsuena Kofi Annan, NBEko idazkari ohia, izan bazen ere, nazioarteko aditu eta euskal politikari frango elkartu ziren Donostiako jauregi horretan. Bake prozesuari bide emateko bost printzipio adostu zituzten. Geroztik, Bake Bideanek eta jendarte zibila ordezkatzen duen Lokarrik, gatazka konpontzeko adituen laguntzarekin, 12 gomendio definitu dituzte prozesuan urrats berriak emateko xedearekin.

Comments are closed.