(Kazeta.info) Jokin Aranalde aske gelditu da eta Ibarrara ailegatu da gauean
Jokin Aranalde gaur gauean Madrilgo Soto del Realeko presondegitik atera da. Lehen harrera egin diote Ibarran gaueko 5:00etatan (ikusi bideoa). Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidea bermerik gabe utzi dute aske. Aranalde uztailaren 17an atxilotu zuten medikuaren etxetik Baionara joaten ari zelarik eta berehala Espainaratu egin zuten. Biharramunean Auzitegi Nazionalera eraman zuten eta Fernando Andreu epaileak espetxera igorri zuen. “Ezker abertzaleari pausuak eskatzen dizkietenek, egiten diren urratsak desitsuratu nahi dituzte” erran du Jokin Aranaldek Info7 irratian egin duen elkarrizketan.
Argitaratua: 2014-07-30 10:10:28
Ibartarra iazko ekainaren 24an atxilotu zuten Heletan, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) Biarritzen egin zuen ekitaldiaren ondotik.
Paueko Auzitegiak 2013ko irailaren 25ean eman zion argi berdea Aranalderen aurkako euroaginduari, nahiz eta aurrez bizi izandako torturak salatu zituen bertan. Hala ere, bere abokatuek helegitea aurkeztu zuten. 2013ko urrian Jokin Aranalderen abokatuek euroaginduaren aurka aurkeztutako helegitea atzera bota eta Ibartarra Espainiaratzea onartu zuen Parisko Kasazio Gorteak. Egun hartan Aranaldek intsumisio gutun bat idatzi zuen.
“Ekainaren 14ean Baionan eragileek deitutako mobilizazioaren ondoren bizitza normala egiten hasi zen”. Atxiloketa hori EIPK-ak etxeratzeko bidea abiatu duen mementoan iragan da. “Herritarrei eta eragileei deia luzatu nahi diegu konponbidearen eta bake justu eta iraunkorra bermatuko duen eszenatoki demokratiko baten alde indarrak biderkatu” behar direla azaldu du kolektiboak.
Elkarrizketa
Bart Madrilgo Soto del Realeko gartzelatik aske gelditu den Jokin Aranaldek elkarrizketa egin du gaurInfo 7 irratian. Ekainean atxilotu ondoren berehala Estatu espainiarrera igorri izanari buruz adierazi du: “Espainiaratzea bistakoa da erabaki politikoa izan dela, eraso politiko bortitz bat”.
Elkarrizketan zehar egungo egoerari buruzko irakurketa anitza egin du: “Iheslarien ordezkaritzak lan ixila baina handia egiten du”.
Bidasoaren iparraldean iraga dituen urte guztiei buruzko gogoeta ere egin du:” Ipar Euskal Herrian babesa topatu dut maila guztietan”. Hemengo gizarteari buruz gaineratu du: “Mugimendu politiko eta sozial zabalaren elkartasuna, hitz onak besterik ez ditut”.