(Kazeta.info) Fernandez Iradiren suspentsio medikalari buruzko helegiteak ostegunean aztertuko dira Parisen
Ni ere banoa kolektiboko kideek prentsa agerraldia egin dute asteazkenean Baionan Ibon Fernandez Iradi euskal preso politikoaren helegiteak bihar aztertuko direla jakinarazteko. Ekainean ezagutzera eman zendeliberoan, esklerosi anizkoitza duen Fernandez Iradiren zigorraren suspentsio medikala onartu zuen epaitegiak. Aldiz ebazpenak ia lor ezina den lurralde debekua kentzea baldintza gisara ezartzen zuen. Hori dela eta helegitea aurkeztu zuten bai defentsak baita prokuradoreak ere. Bihar aztertuko ditu Pariseko epaitegiak bi helegiteak. Deliberoa bi edo hiru aste barru ezagutuko da eta egun horretarako elkartaratzea deitu du kolektiboak 18:30etan Baionako suprefekturaren aitzinean. Bestalde, Etxerat elkarteak jakinarazi du larriki eri den Ventura Tome euskal preso tafallarra aske gelditu dela arratsalde honetan.
Argitaratua: 2014-09-24 17:07:53
Eritasun larria den esklerosi anizkoitza duen Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren zigorra suspentsio medikala aztertu zuen Pariseko Zigor aplikazioen auzitegiak eman zuen ebazpenak kondena etetea onartu zuen, baina bi baldintza ezarrita. Alde batetik Pirineo-Atlantikoetan ezin bizi izatea eta, deliberoa askatasuna ia lor ezina egiten duen, Frantses lurraldearen debekua kentzea.
Bigarren baldintza honengatik deliberoa “kontraesankorra” dela salatu dute gaur Baionan Ni ere banoa kolektiboak egin duen prentsaurrekoan. “Erabaki bihurria da, esku batekin ematen duen bestearekin kentzen du” salatu dute.
Ni ere banoa kolektiboak egin du gaurko agerraldia Baionan, Ipar Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikal anitzek osatzen dute. Horien ordezkatzen Baionan izan dira NPAko Claude Larrieu, LABeko Dominika Daguerre eta Herrirako Emili Martin besteren artean.
Biharko helegitean aztertuko den kondena etetearen galdeari erantzun positiboa ematea galdetu dute kolektiboko kideek agerraldian, “eritasuna baldintza ahalik eta hoberenetan tratatu ahal izateko”. Aldi berean ezezko ebazpena giza eskubideen kontrakoa eta euskal gizartearen nahien kontrakoa litzatekeela baieztatu dute. Zentzu horretan Baionan ekainaren 14ean egin zen manifestazio jendetsua gogora ekarri dute.
Delibero politikoa
Bihar Pariseko epaitegiak helegitea aztertuko du, eta “deliberoa politikoa” izanen dela baieztatu dute kolektiboko kideek. Hori dela eta Estatu frantses eta espainiarrari beste behin ere gatazkaren konponbidean engaiatzera deitu dituzte.
EPPKren agiria
Bestalde gaur Euskal Preso Politikoen Kolektiboak kaleratu duen agirian ohar berezia egin dute eritasun larria duten presoei buruz, Ibon Fernandez Iradiren inguruan ere: “Sinestea zaila baita askorentzat Euskal Herrian bizitzen ari garen egoera berrian, eta Arkaitz Bellon burkidearen heriotzaren ostean, Iosu Uribetxeberria, Ibon Iparragirre, Ventura Tome, Ibon Fernandez eta gaixo dauden burkideekin eta adinekoekin egiten ari direna”.