(Berria) Estatu indarkeriaren biktimei babesa aitortzeko lan egingo du Jaurlaritzak
Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak txosten bat osatuko du babesa galdu duten biktimak legez aitortzea lortzeko.
Horretarako, zuzenbidean aditu diren hainbat eragilerekin bildu da batzordea, Bilbon
2014-09-30 / Ainhoa Larrabe Arnaiz
Ehunka herritar geratu dira aitorpen eta babesik gabe, biktima izan arren. Hori guztia aztertzeko eta aurrera begirako proposamenak egiteko, mintegi bat egin zuten atzo Bilbon. Goizean, Eusko Jaurlaritzak bilera bat egin zuen Bake eta Bizikidetza Idazkaritzako hainbat aditurekin. Madrilgo gobernuak biktimen aitorpen eta ordainerako jarritako oztopoei aurre egiteko txostena prestatzen ari dira, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkariak jakinarazi duenez, eta hark Espainiako Gobernuari eskatu dio eskubide urraketak jasan dituen biktima oro onar dezala.
Azken urteetan Madrilek biktimen aitortzari eta erreparazioari jarritako trabei aurre egiteko bidea marraztea zen atzoko mintegiaren helburua. Parte hartu zutenen artean izan ziren, besteak beste, Francisco Letamendia EHUko irakaslea, Paul Rios Elkarri-ko koordinatzailea, Jone Goirizelaia abokatua eta Alvaro Gil-Robles Europako Giza Eskubideen Batzordeko kide izandakoa.
Fernandezek azaldu zuenez, teknikoa eta akademikoa izan zen bilera, babesik gabe geratu direnei babes juridikoa nola eman aztertzeko eta Espainiako Gobernuak jarritako «zailtasun» eta «oztopoei» irtenbidea aurkitzeko. Fernandezek elkarlanean aritzeko deia egin zion Espainiako Gobernuari: «Biktima guztiak aitortu behar dira, garai eta testuinguruak bereizita, baina inor baztertu gabe». Eusko Jaurlaritzako idazkariak eskatu zuen bertan behera uzteko Eusko Jaurlaritzak 2013an adostutako estatu indarkeriaren biktimen aitorpen eta babeserako dekretuari jarritako helegitea.
Patxi Lopezen gobernuak abiatu zuen 1960 eta 1978 arteko biktimen aitorpen eta babeserako egitasmoa. Eta, urtebete geroago, Espainiako Estatuaren abokatuak helegitea aurkeztu zien Iñigo Urkullu lehendakariak egindako zuzenketei. Aurrez, Espainiako Barne Ministerioak GAL eta Batallon Vasco Españoleko 46 biktimari ere kendu zien laguntza, «ETAren ingurukoak» zirela egotzita. Arduratuta azaldu zen atzo Fernandez: «Frankismo berantiarreko biktimen erreparazioari oztopoak jartzea harrigarria da». Fernandezek adierazi zuen aurrera begira Jaurlaritzak konpromisoa duela 1978tik gaur egunera bitarteko biktimen gaia lantzeko.
Arratsaldean, gaia lantzeko hitzaldi irekia antolatu zuten, eta parte hartu zuten babesik gabe geratu diren biktimek eta biktima horiek hartzen dituzten elkarteek.
Biktimen aldeko xaflak
Bestalde, «terrorismoaren» biktimak oroitzeko xaflak jartzeko gutunak bidali ditu Covitek Euskal Herriko 94 udaletara. Instituzioei «memoria eskubidea bermatzea» dagokiela adierazi du Covitek, eta berretsi du erakundeek memoria hori zaindu ezean elkarteak berak zainduko duela.