
(Berria) EPPK-k hasitako bideari «bultzada ematera» deitu dute preso ohiek
Gaixo larriak eta 70 urtetik gorakoak Euskal Herriratzeko urratsa «ekarpen handia» dela nabarmendu dute

Joxerra SenarIruñea
«Gaur hemen gauden guztiok ondo dakigu kartzelan gaixo egotea zer den, baita horrek zer-nolako oinazea eta ezintasuna ekartzen duen ere». Ezagutza horretatik, gaixotasun larriak dituzten preso ohiek txalotu egin zuten atzo Iruñean EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak asteon egindako urratsa. Kolektiboak gaixotasun larriak dituzten eta 70 urtetik gora dituzten presoek Zaballako espetxera eramateko bideari ekin dio. Preso ohien izenean, Joxe Domingo Aizpuruak aipatu du «ekarpen handia» dela eta gizarteari dei egin dio etenik gabeko prozesu horretan bultzada ematera.
Prentsaurrekoa eman dute Iruñean gaixotasun larriak dituzten presoek. Agiria euskaraz Aizpuruak irakurri du, eta gazteleraz, Marilo Gorostiagak. Han ziren ere Iñaki Erro, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jose Mari Perez, Jose Ignacio Gaztañaga, Isidro Garalde eta Jon Agirre. Salatu dute espetxe politikak EPPK kolektiboa «hausteko hamaika tresna erabiltzen dituela: sakabanaketa, bakartzea, senideen aurka egitea, jazarpen fisikoa eta espetxe politika oldarkorrak. Era berean, euren esanetan, gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan mantentzea «mendeku gosea asetzeko eta presoa zein bere ingurunea hausteko» estatuek erabiltzen duten beste tresna bat da. Aizpuruaren hitzetan, tresna horren bidez «etekin politikoa» lortzea dute helburu bi estatuek.
Politika horren ondorioz azken hamabi hilabeteetan hiru preso hil direla eta azken egunetan Ibon Iparragirre presoari espetxealdi arindua kentzeko Auzitegi Nazionalak emandako agindua ekarri dituzte gogora. «Zoritxarrez, zaharrak berri. Guk pairatu eta egungo politika beraren ondorioak dira».
Hori ikusirik, estatuen «itxikeria gainditzeko» pausotzat hartu dute EPPK-k hasitako bidea. Lehen urratsa izaki, gaixo larriak Zaballara ekartzeak esanahi berezia duela uste dute: «Salbuespen legedia bukatzeko presoak Euskal Herriratzea urrats nabarmena izango litzateke, baina ez bakarrik egoera gainditzeko, baita gure herria bakera eta askatasunera gehiago hurbiltzeko ere».
Preso ohien arabera, etenik gabeko prozesu bat da, eta bertan gizartearen ekarpena eta bultzada garrantzitsuak izango dira: «Guztion laguntza behar da. Garai hau euskal herritarrena da, eta ardura hau guztioi dagokigu». Horregatik, parte hartzera dei egin dute: «Euskal jendarte osoari eta herritar guztiei bultzada erraldoi honetan parte izan daitezen dei egiten diegu».