(Kazeta.info) Bake prozesuaren aldeko interpelazioak Ipar Euskal Herritik Parisera

24/02/2014
ConfŽrence de presse EH Bai
Euskal Herria Bai koalizioak ETAren deliberoa ausnartzeko eginiko agerraldia. Argazkia Julen PASCUAL.

ETAk armak baliogabeko lehen pausuak dituela baieztatzeko Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak Bilboko Carlton hotelean egin duen  agerraldiaren ondoren hainbat erreakzio izan dira. Euskal Herria Bai koalizio abertzaleak berriaren inguruan adierazi du ETAk emaniko urratsa “historikoa” dela eta  Madril eta Paris inplikatzea derrigorrezkoa dela, beste behin Hollanderen Gobernua interpelatuz. Aldi berean heldu den larunbatean Baionan eginen den Bake Foroaren garrantzia ere azpimarratu dute abertzaleek, gizartearen parte hartzea nabarmenduz.

Argitaratua: 2014-02-23 09:41:43

Sylviane Alaux deputatu sozialista ziburutarrak adierazi du: “Berri oso ona da. Espero dut pausu honek gure bi gobernuak interpelatuko dituela”.

Colette Capdevielle Baionako deputatu sozialistak adierazi du: “ETAren deliberoak ardura partekatuen politika bat engaiatzen du. Estatuak inplikatu behar dira”. Berri “bikaina” dela ere gaineratu du. Aldiz Manuel Valls Barne ministroak egun bat lehenago Estatu espainiarreko Jorge Fernandez-Diaz ministroarekin elkartu zelarik adierazi zuen: “Ez dago bake prozesurik. Terrorismoarekin bukatzeko prozesua besterik ez dago”. Jean-Pierre Massias gatazken konponbidean adituak bake prozesuan “etapa garrantzitsua” dela erran du.

Sylviane Alaux deputatu sozialistak armak baliogabetzeko urratsa “berri oso ona” dela erran du. Baikorki baloratu du “bake prozesuari oso atxikia” delako. Orain arte prozesua blokearen arrazoietan bat hau zela erran du, eta ETArengandik “denok pausu hau espero genuela” erran du. Pausu honek “bi gobernuak interterpelatuko dituela espero du, Gobernu espainiarra eta frantsesa”, eta ETAren pausu honek urratsak ematera eramanen dituela ere gaineratu du. Bake prozesu batean “bi aldeetan mina handia badela eta kontsezioak egin beharko dela” ere adierazi du, eta gaineratu du “ETAk bere ardura hartu duela gatazkaren konponbidean, eta urrats ona” dela.

Colette Capdevielle deputatu sozialista baionarrak nabarmendu du “jakinarazpen hau espero zen urrats erabakigarria da, emeki doan eta konplexua den bake prozesu batean”, eta bide horretan gizarteak izan duen “paper baitaezpadakoa” ere azpimarratu du.
Armen baliogabetzeen hastapenarekin bake prozesuaren aitzinarazteko Estatu frantsesak ezarria zuen ezinbesteko baldintza, “oztopo nagusia kendu da”. Horrela “Estatu frantsesak bere toki osoa hartzen ahal du bake prozesuan”.

Manuel Valls Barne ministroak otsailaren 20ean, ostegunarenkin, Estatu espainiarreko Barne ministroa den Jorge Fernandez-Diazekin agertu zelarik argiki erran zuen: “Ez dago bake prozesurik. Terrorismoarekin bukatzeko prozesua besterik ez dago”. Gaineratu zuen “komunikatu guztiak hartzen ditugu kontutan, baina disoluzioarena besterik ez zaigu inporta”.

Jean-Pierre Massias Baionako fakultateko erakasle eta garazken konponbiderako adituak, France Bleu irratian eginiko adierazpenetan bake prozesuan “etapa garrantzitsua” dela baieztatu du eta orain hurrengo pausua ematea Gobernu espainiarrari dagokiola.
Gerry Adams Sein Feinneko buruak baikorki baloratu du ETAk eman duen urratsa.

Hego Euskal Herrian Iñigo Urkullu Lehendakariak agerraldia egin du: “Lehen pausu  txiki bat  da, ez da aski, baina armegabetze osora bidean lehen urrats  beharrezkoa  da”. Batzordeari laguntza eta babesa emanen diola gaineratu  du EAEko  buruak. EH Bildu koalizio abertzaleak positiboki baloratu du ETAren urratsa eta aitzinapausu gehiago eskatu dizkio orain Espainiako gobernuari. Gobernu espainiarrak antzerkitzat jo du egiaztatzaileen agerraldia bera gauzatu baino lehen,  Gobernuak baldintzarik eta kontzeziorik gabe ETAren bukaera eskatu du  eta Egiaztatzea Batzordearen zilegitasuna zalantzak eman du, egitaztatze  lana Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren esku egon behar direla  gaineratu du.

Comments are closed.