
(Kazeta.info) Bakerako benetako aukera badela segurtatu dute egiaztatzaileek Entzutegi Nazionalean
Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak Madrilgo Entzutegi Nazionalean deklaratu dute gaur goizean. Ostiralean ETAk bere armen indargabetzeari ekin diola egiaztatu dutela agerraldia egin eta biharramunean Estatu espainiarreko auzitegi bereziak deklaratzera deitu zituen. Gaur goizean Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils eta Chris Maccabe batzordeko kideek bi oren baino gehiagoz deklaratu dute Entzutegi Nazionalean.
Auzitegiko Ismael Moreno epailearen aitzinean deklaratu ondoren batzordeko bozeramailea den Manikkalingamek “Bakearako benetako aukera badela uste” dutela erran du. Guzti hau gertatzen den bitartean Euskal Herriko bake prozesuarekiko nazioarteko sostengua handitzen ari da. Lula Da Silva Brasilgo presidente ohiak bat egin du Aieteko adierazpenarekin. Le Monde egunkariak bere editorialean Paris eta Madrili prozesuan engaiatzera deitu, eta Bill Clintonek “berri ona” dela agertu ondoren. Filtrazio baten arabera Jonathan Powell, Gerry Adams edo Bertie Ahern Donostiako Aieten izanen dira aste honetan.
Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko bozeramailea den Ram Manikkalingamek Entzutegi nazionaletik ateratzean adierazpen labur bat egin du eta bertan “gardenak” izan nahi dutela eta “justizia lagundu” nahi dutela erran du.
“Hemen gaude gardenak izan nahi dugula eta Ismael Moreno epailearekin kolaboratu dugu. Bakearen sendotzearen alde lanean ari gara eta Euskal Herriko bizikidetzaren alde. Su eten iraunkor eta egiaztagarria adierazi zuenetik, ETAk arma uztea atxiki du eta bere engaiamenduak bete ditu. Orain armak zigilatzeko eta indargabetzeko denbora da” adierazi du NEBko bozeramaileak.
Deklaratzera
Egiaztatzaileen batzordeak ostiralean Bilboko Carlton hotelean ETAk armen indargabetzeari ekin ziola adierazi eta Covite biktimen elkarteak NEBko kideak deklaratzera deitzeko ideia eman zuen. Entzutegi Nazionaleko fiskaltzak bat egin zuen eta biharramunean epaitegi bereziko Ismael Moreno epaileak deklaratzera deitu zituen. Jakinarazpena emateko Estatuko indar polizialak igorri zituen, eta horrela Polizia Nazioala, Ertzaintza eta Guardia Zibilaren esku utzi zuen deialdiaren berri ematearen ardura.
Larunbatean Ram Manikkalingam aireportuan zelarik jakin zuen deklaratzera deitua zela eta igandearekin Madrilen izan da bi orenez baino luzago deklaratzen, Ronnie Kasrils eta Chris Maccaberekin batera. Batzordeko kide guztiei egina zitzaien deklaratzera joateko deia.
Gaur goizean, epaitegira joan aitzin Iñigo Urkullu, EAEko Lehendakaria NEBko kideekin bildu da Madrilen haien sostengua erakusteko.