(Berria) Bake prozesuaren aldeko ahotsak ugaritu dira nazioartean azken orduetan
Bill Clintonek, Lula da Silvak eta Le Monde egunkariak babesa adierazi diote bake prozesuari.
Jon Olano 2014-02-24 – 07:45:43
Hiru egun igaro dira NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ETAren desarmatzearen lehen urratsaren berri eman zuenetik, eta soka luzea sortu du albisteak. Azken katebegia da bake prozesuak nazioartetik jaso duen babesa.
Bill Clinton Amerikako Estatu Batuetako presidente ohiak Twitter sare sozialean idatzi zuen larunbat iluntzean Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko mezua, ETAren desarmatzearen ondotik. “Albiste onak Euskal Herritik atzo. Espero dut euren bake prozesuak aurrera egitea”, idatzi zuen.
Lula da Silva Brasilgo presidente ohiak, berriz, atxikimendua adierazi dio Aieteko Adierazpenari. Lokarrik eman du atxikimenduaren berri. Iazko urrian, Hego eta Ertamerikako hamabi presidente ohik bat egin zuten Aieteko Adierazpenarekin.
Le Monde-k editorialera
Bestalde, azalera eraman zuen Le Monde Frantziako kazetak atzo Euskal Herriko bake prozesua. Euskal Herria, baliatu beharreko aukera bat izenburupean, egunkariak bere editorialean nabarmendu du bake prozesuan eginiko urratsak “egiazkoak” direla, eta aukera baliatzera deitu ditu Frantziako eta Espainiako gobernuak.
Egiaztatzaileak ere aipatu ditu kazetak. Beste prozesu batzuetan eginiko lana nabarmendu du, eta erantsi erakundea “errespetatua” dela eta “funtsezko lana” egiten ari dela.
“Egun, ezohiko aukera dago bake iraunkor baterako Euskal Herrian, eta Parisek eta Madrilek baliatu egin behar dute”. ETAren urratsari presoen sakabanaketa politika amaituz erantzuteko eskatu dio Le Monde-k Espainiako Gobernuari, neurri horrek senideei kalte egiten dielakoan eta “etengabeko tentsioak” sortzen dituelakoan.