Aieteko konferentziaren biharamunean, gizarte zibila antolatzen hasi zen. Bake Bidea mugimendu zibila osatzen da eta etengabeko hausnarketa eta mobilizazioa bultzatzen du Euskal Herriko bake prozesuaren nondik norakoen inguruan. Haien aldetik, politikariek bide orri bat eraikitzen dute, prozesua aurrera eramateko eta frantses estatuaren inplikazioa bultzatzeko: Baionako adierazpena izenpetua da.
Zeharkako kontsentsu bat eraikitzen da eta are gehiago indartzen da 2015eko ekainean Parisen egindako konferentzia humanitario baten bidez. Bertan ziren Michel Joinet, Michel Tubiana, Serge Portelli eta Pierre Joxe.

Nahiz eta ETAk azaldu gatazkaren ondorioei buruzko negoziazioa hasteko borondatea duela, ez da pausorik ematen Frantziako eta Espainiako Estatuen partetik. Lurraldeko gehiengo politiko eta sozialaren nahikeria ere ez da entzuna. Prozesua zailtzen da eta bere bideragarritasuna ahultzen hasten da, ondorioak ez baitira landuak (desarmatze prozesua, desmobilizazio eta berrintegrazioak, biktimak, oroimenak, egiak).

Ondorioz, gizarte zibilak bere gain hartzen du prozesua. ETAk desarmearen ardura Michel Berhocoirigoin, Txetx Etcheverry eta Michel Tubianaren esku uzten du. 2016ko abenduaren 16an, Luhuson, desarmeari amaiera emateko prest zeudela, Michel Berhocoirigoin eta Txetx Etcheverry atxilotu zituzten, beste hiru lagunekin batera. Denak dira Euskal Herrian ezagunak, bakearen alde konprometituak. Atxilotu eta biharamunean, manifestazio handi bat egin zen Baionan, milaka herritar eta hautetsi bilduz. Fidantzapean eta zaintzapean aske uzten dituzte, baina gertaerak halako kolpea sortzen du, ezen arazoari irtenbidea eman beharra inoiz baino nabariagoa baita.
50 bat bake artisauen eta hautetsi edo jendarte zibilaren laguntzarekin, 2017ko apirilaren 8an desarmatze eguna antolatzen da. 20.000 pertsona baino gehiago biltzen dira Baionako karriketan, euren presentziaz etapa berri bat zabaltzeko borondatea adieraziz. Goizean, armen gordelekuen koordenatuak Frantziako agintariei ematen zaizkie. Polizia, itxoiten dituzten lekuetara doa, gizarte zibilaren 172 ordezkari zain dituztela. Hori horrela, 3,5 tona arma, lehergailu eta munizio autoritateen esku utziko dira, ETAren kontrolpean den armategi guzia alegia. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ETAren desarmatze integrala ontzat ematen du.

Geroztik, Bake Bideak, Bakearen Artisauek eta Euskal Herriko delegaritzak etengabe lanean jarraitzen dute, modu boluntarioan eta ez bortitzean, Euskal Herrian bake-prozesua aurrera eramateko.