2018ko apirilaren 8a

“ARBOLAREN EGIA” ESKULTURAREN ESTRENALDIA

Artista : Koldobika Jauregi

Baiona

Estrenaldia iruditan (oinarrizko soinuarekin)

Elkarrekin eraman bidearen fruitua

2017ko apirilaren 8ak ezin baztertuzko etapa bat markatu du Euskal Herriko bake prozesuan. Gatazken konponbideen historian lehen aldiz, jendarte zibilari esker gauzatu da ETA erakunde armatuaren armagabetzea, Bakearen Artisauen laguntzaz.

2011ko Aieteko adierazpenetik ematen ari den aitzinamendu historiko hau, erakunde desberdinen, ipar Euskal Herriko hautetsien eta jendarte zibilaren artean handituz joan den dinamikaren fruitua da.

Elkarrekin burutu esperientzia kolektibo honek, aitzina egiteko beharra erakutsi du eta jendartea konbentzitu du gatazkaren ondorioei aurre egiteko.

Horregatik, biktimen ezagutzaren, erreparazioaren eta egiaren gaia ezinbestekoak iruditu zaizkigu, euskal presoentzat konponbide bat atxematearen beharrarekin batera.

2017ko abenduaren 9an, Bakearen Artisauek, Parisen inoiz egin den manifestazio handienera deitu zuten. Manifestazioa Euskal Herriko bakearen alde eta euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien kontrakoa zen. Euskal Elkargoak sustengatu zuen eta ipar Euskal Herriko hautetsi gehienek dei egin zuten bertara, hexagonoko ehun bat pertsonalitaterekin batera. 11.000 pertsona bildu ziren Parisen.

Eztabaida bat ere ireki zen 2017ko uztailaren 10an jendarte zibileko ordezkariek, hautetsiek eta Euskal Elkargoak osatu delegazioaren eta Justizia Ministerioaren artean, euskal presoen gaiari aterabide bat atxemaiteko.

Transmisio lana

Bake prozesuaren eraikuntzarako garrantzia berezikoa izan den armagabetzeak, bakoitzak bizi izan dituen sufrimenduak argitan utzi ditu. Perspektiba berriak ireki ditu ere, elkarrekin eraiki beharreko etorkizunari begira.

Ez da baitezpada erreza bakoitzak sentitzen duenari hitzak ezartzea, hitzek, bizitakoari traizio egin bait diezaiokete edo bizitakoa mugatu bait dezakete, edo sinpleki beste bide batzuetatik adieraz bait daitezke, Koldobika Jauregi zizelkariak etapa hori sinbolizatzea proposatu zuen« Arbolaren egia » obraren bidez.

“Arbolaren egia” armagabetze egunerako Koldobika Jauregik espresuki egin artelana da. Lehen bertsioa marrazki bat izan zen, eta prentsan ere agertu zen orduan. Aizkora lurperatu eta bakea loratzeko metaforatzat jo daiteke. Nolanahi ere, txostentxo honetan artelanari Jauregik berak ematen dion azalpena gehitzen diogu, egileak eraman duen gogoeta ezagutarazteko.

Armagabetzearen urteurrena dela-eta, Bake Bideak eta artistak “Arbolaren egia” eskultura bihurtzea adostu dute eta, Herriko Etxearen oniritziarekin, Baionan kokatuko da. Obra denena izanen da, denena izan baitzen armagabetzearen erronka lortu izana.

Garrantzitsua iruditu zaigu, obra horren bidez egindako bidearen aztarna bat uztea eta bide artistiko horri esker, aztarna hori ondoko belaunaldiei transmititzea.

“Arbolaren egia” autorearen hitzetan

“Indarkeriaren amaierak bere ikurren amaiera ere badakar. Aizkora, ETAren ezaugarria, beherantz biratuta ageri da, aro historiko baten bukaera irudikatuz.

Atsotitzak dio: «Hain da emankorra zuhaitza, ezen bere egurra ematen baitio erorarazten duen aizkorari».

Irudikapen honetan, aizkora biratu egiten da eta bere kirtena berritu egiten da bertatik zuhaitzaren kimua sor dadin. Ezinezko irudikapena da, jadanik aizkorak sekula ez baitu zuhaitzari min egiteko ahalmenik izango, bere zati bihurtu baita.

Historikoki herritarren eta kontzejuen elkarrizketarako elkargunea izan da zuhaitza. Euskaldunentzat, Gernikako Arbola –XIV mendean aipatua jada– herriaren bihotza izan da eta horregatik eraso zioten 1937ko apirilean.

Zuhaitzak kontzejuen elkargune izan dira Europa osoan. Frantzian ezagunak dira Pariseko Saint Gervaiseko zumarra, Alsaziako Gewenheimeko ezkia, Normandiako Gisorseko zumarra, eta abar.

Bere entziklopedian horrela dio Diderot-ek: «Oraindik goi-mailako magistratura askotan epaileek zumarraren azpian egiten dute audientzia».

Europako kulturen oinarrietan dago zuhaitza eta, gainera, XXI. mendeko ekologiaren aldarrikapena da.”

Autorea, Koldobika Jauregi

Alkiza (Gipuzkoa) 1959

 

1990: Eduardo Chillidak “Zabalagako beka” ematen dio.

1999: Mendearen amaierako Espainiako artea. Wurth Museum, Alemania.

1996-2000: Insel Hombrich Museum-ek gonbidatuta, Alemaniako artistekin batera lan egiten du Insel Hombrich Museum-ek gonbidatutako “Artea eta natura paraleloan” proiektu esperimentalean. Alemania.

2007: Banakako erakusketa Guggenheim Bilbao Museoan.

2010: Fusio esperimentalaren espazioaren sorrera hasten du; artea, etnografia (giza sorkuntzak) eta natura. Ur Mara sortzen du Alkizan (Gipuzkoa), hamaika hektareako gune naturala.

2015: Eskultura espainiarra, XX- XXI. Mendea. Marlborough Galeria, Madril.

2016: Performance-a Guggenheim Bilbao auditorioan.

2017: “Dantza” luzemetraiaren Designer manager-a.

150etik gora erakusketa, banakakoak eta kolektiboak, Euskal Herria, Frantzia, Alemania, Italia, Japonia, Bulgaria, Eslovenia, Espainia, Belgika eta Amerikako Estatu Batuetan.

Harriz eta egurrezko eskulturak, pinturak, muralak, grabatuak, zeramikak, brontzea, aluminioa eta burdin forjatua, eta burdinurtuak.

Arkitektura, performance, karteldegi eta bideo sorkuntzazko proiektu desberdinetan parte hartu du.

Eskulturak eta muralak espazio publikoetan.