Jean Marc Ayrault, Kanpoko Aferetako ministroaren esaneri lotutako Bake Bidearen agiria

10/02/2017

Ostiral honetan, 2017ko otsailaren 10an, Jean Marc Ayrault Frantses gobenuko kanpoko aferetako ministroa, Euskal Herriko gatazkaren konponbideari buruz galdezkatua izan da kazetari baten gandik.

Euskal Herrian emandako bilakaera inportantea ohartarazi izana agurtzen dugu. ETA erakunde armatuaren engaiamendua aitortu du konkretisatu behar zela azpimarratuz, eta hori estatu legearen errespetuan lehen bai lehen burutua izan behar zela gehitu du. Manera ordenatuan eta ez inprobisatuan egin beharrekoa zela erran du ere bai.

Ayrault ministro jaunari ohartarazi nahi diogu, duela 5 urte Aieteko nazioarteko deklarazioaren lehen punduari erantzunez, ETA talde armatuak haren jarduera armatua alde batera uzteko deliberoa hartu zuen ber momentuan, erabaki horren konkretisatzeko prest zela adierazi zuen. Haatik Frantses eta Espainiar gobernuek ez dutela inongo erantzun positiborik eman ondorioztatzearen beharrean gaude.

Bake Bidea mugimendu zibilak ez du ulertzen azken 5 urte hauetan, bake prozesuaren alde, bi gobernuetatik adierazitako engaiamendu eskasa. Bestalde, ETA erakundearen armategi eta egiturak deuseztatuko duen armagabetze prozesu kontrolatua, arautua eta adostua eskatu eta aldarrikatu dugu behin eta berriz. Prozesu honek, noski, gatazka honek eragindako biktima guzien baita preso eta iheslarien egoerak kontutan hartu eta aterabide bat atxeman beharko duela diogu.

Lurralde honetako gehiengo sozial eta politikoak baita kolore guzietako hautetsien gehiengoak partekatzen duen borondatea da.

Armagabetze prozesuari bi gobernuek, nazioarteko estandarren errespetuan eraikitako kuadrorik ez eskaintzearen ondorio zuzena da gizarte zibilaren inplikazio zuzenetik abiatu izana.

Frantses gobernuari haren ardurak hartzea eta gatazkaren ondorioei aterabide demokratikoak emango dituen bake prozesu baten eraikitzera deitzen dugu.

Erran duzun bezala, Kanpoko aferetako ministro jauna, GOAZEN !

 

Comments are closed.