BAKEAREN ALDE ARRISKATUZ

2017ko abenduaren 9ko manifestaldiaren manifestua

 

Bakearen aldeko engaiamendua hartzen dugu. Hamarkadetan zehar Euskal Herriak, Espanian zein Frantzian, bortizkeria ezagutu du. 2011z geroztik beste bide bat hartu da: bake prozesu batean engaiatzearena eta eztabaida demokratikoaren baitan etorkizuna integratzearena. 2017ko apirilaren 8an gizarte zibilaren eta hautetsien parte handi baten ekimenez iragan zen ETAren behin betiko armagabetzeak urrunago joatea ahalbidetzen digu baina agintzen ere. Gizarte zibilak bere erantzunkizunak hartu dituen bitartean, Espaniako eta Frantziako gobernuek ez dute, haiengandik espero zitekeen bezala, bake prozesuan osoki sartzea ahalbidetuko liekeen keinurik agertzen.

Ez dugu iragana ahanzten. Alde guziek pairatu duten eta oraindik pairatzen duten sufrimendua ezagutzen dugu; biktima guzien aitortza egiteko beharra eta bakoitzari zor zaion egia egiteko beharra ulertzen dugu.

Baina badakigu ere, egungo egoerari iraganeko eskemak aplikatuz euskal gizarteak ez duela bere burua berreraikitzen ahalko eta ez dituela gizarte demokratiko baten tresnak molde iraunkorrean bere eginen.

Presoen eta erbestean direnen patua ez da gehiago gaur egun zentzurik ez duen eta hainbeste egoera jasaezin sortu duen ikuspegi sekuritario baten menpe egon behar. Presoak haien senideengandik hurbiltzea, haien osasun egoera kontuan hartzea, Partikularki Seinalaturiko Preso ( frantsesez DPS) estatutua aplikatzeari uztea, baldintzapeko askatasun eskaerak faboratzea ez da amore ematea, justizia egitateak baizik ez ditugu eskatzen.

Egia egitea, bidean diren prozedurak eta presoen egoera konpontzea eta biktimak aitortzea ahalbidetuko duten bide eta tresnak asmatzea ez da zentzugabea, gizarteari berreraiki dadin eta berriz ere bortizkeriarik gabe elkarbizitzarako harremanak eraiki ditzan ahalbidetzea baizik.

Horregatik, Bakegileen ekimenez, 2017ko abenduaren 9an Parisen manifestatuko gara.