Baionan armagabetze egunean irakurri den manifestua

2017ko apirilaren 8-an

 

  1. -Hemen gaudenok erabaki genuen armagabetzearen eguna “gure” eguna izango zela. Erabaki bitxia izan zen; behar bada lotsagabea…  eta aukera bat zen ere ez ausartzea.Baina, hala bada ere, guk esaten dugu ez dela arinkeria bat izan, are gutxiago inprobisatutako erabakia.Armagabetzearen eguna gure eguna da hausnartu egin dugulako, elkarrekin pentsatu eta neurtu dugulako.Beste batzuk ere gogoeta egin dute eta erabaki dute ez direla gaur gure artean izango.Errespetuz hartzen ditugu; aintzat hartzen ditugu,eta gure hitzak haiek entzun ditzaten ere badira.
  2. -Ez gara herri guztia; hori egia da, baina inork ezin du ukatu Baionara gure herriko alde guztietatik, lurralde orotatik etorri garela, era guztietako jendea, alde bateko eta besteko pentsakera duena. Eta hona iritsi garelarik, sentitzen dugu aurrerantzean zailagoa izango dela, agian ezinezko, herriari eta bere jendeari dei egitea bakea eraikitzeko ez bada

3.- Hemen bildu garenok bat gatoz kontu batekin,eta ez du azalpen handirik behar:bakea ez da soilik bortizkeria eza…Halaber, bat gatoz bortizkeria bada ez dagoela bakerik. Horregatik, armagabetzea beharrezkoa zen, bakearen bidean ezinbesteko urratsa zelako. Armagabetzea jada gauzatu da eta mugarri honek gure historiaren kapitulu bat ixten du kapitulu honetan samina, heriotza eta agonia nagusi izan dira eta hau atzean utzi nahi dugu… baina ez atzera begiratu gabe.

4.- Gure bihotza eta oroitzapena biktimengan jarrita daukagu biktima guztiengan,lehengoak eta oraingoak; ezagunak eta ezezagunak,arma hauen eta arma ororen biktimak. Haiek, guztiak,tragediaren zamapean zanpatuta bizi izan dira edo bizi dira,eta ez da erraza izan gaurko egun honetara etsipenean erori gabe iristea; denek ez dute lortu. Bakea ez denez soilik bortizkeria eza, biktimak gogoan ditugula hitz ematen dugu etorkizunean oroitzapena eta aitortza izango dutela,egia eta justizia egin nahi dugula eta aldarri hau bota: “ez da berriz gertatuko!”, “ez da berriz gertatuko!”.

5.- Hitz ematen dugu etorkizunean izango dela lehenago ebatsi zitzaien bizikidetza eta adiskidetasuna eta borroka berriak –zergatik ez? – bide onetik eramango ditugula,gizalegezkoak eta zibilizatzaileak izango direla. Hitz ematen dugu ere haien memoria ez dugula baliatuko,ez guretzat etekina lortzeko, ezta besteren kalterako ere.

6.- Gure oroitzapena ez dago soilik iraganera begira oraina ere mingarria baita esaterako presoena, beren senide eta adiskideena. Gure ustez, inor ez da galtzaile –aitzitik, guztiok irabazten dugu–legea eta politika gaurko egoerara moldatzen badira,urruntzea bukatzen bada eta presoak Euskal Herrira ekartzen badituzte, beren ingurura;gaixo daudenak eta zigorra bete dutenak libre uzten badituzte . Etxeratzea lehenbailehen izatea nahi dugu. Hau ere beharrezkoa delako, posible izan behar da.

  1. – Duela ia sei urte, Aieten, esan zen bakeak zer eskatzen duen: “ausardia, arriskuak hartzeko borondatea, konpromiso sakonak, eskuzabaltasuna”. Beharrezkoa zelako posible egin dute:Haientzat, artisauentzat, besarkada bana; hau da gure aitortza. Artisau lana izan baita lan honetan marka desberdina, inperfektua uztea–goitik behera humanoa–,lan egiten duten eskuen marka;esku horiek lan egiten duten bitartean amesten dute merezitako atsedena, bakearen promesa. Beren lehengaia erabiliaz egin dute, herriarena eta jende batzurena, behartuta baitzeuden bizikidetzaren artea sortzera;honen neurria denborak emango digu.

8.- Aietekoa burutzeko garrantzizko zerbait falta da:Frantziako eta Espainiako gobernuek onar dezaten hitz egitea eta solaskide izatea gauza batetaz jarduteko: hainbeste urtetako biolentziek utzi digutenaz –eta zein egoeratan utzi gaituzten–. Hau ere posible izan behar da behar-beharrezkoa baita. Bada jendartea; badira eragileak,badira legitimatutako hautetsi eta erakundeak, eta bada ere nazioarteko komunitate bat prest dagoena bake justu eta iraunkorrera hurbilduko gaituen elkarrizketa errazteko.

Eskerrak guztioi.

Izan gaitezen guztiok, elkarrekin, bakearen artisau