(Berria.info) Jaurlaritzaren Bake Planak iraganaren «autokritika prozesuak» landuko ditu

10/04/2015

Erkorekak dio plana bat datorrela gizartearen «gehiengoaren nahiekin».

EH Bildu «sukalde lana» egiten ari da «zoru etiko berria» definitzeko.

 

2015-02-04 / Edurne Begiristain

Eusko Jaurlaritza «oso pozik» dago Bake eta Bizikidetza Plana nola betetzen ari den ikusirik. Aurreikusitako egutegiaren arabera gauzatzen ari dela eta hartutako konpromisoak betetzen ari direla esan du Josu Erkoreka gobernuko bozeramaileak. Datu zehatza eman du: planaren betetze maila %94 izan da gaur arte. Nolanahi ere, Jaurlaritzak badaki gaur egun baketzean dauden «zailtasunak» gainditzeko gehiago egin behar dela, besteak beste, «iraganaren» inguruko analisiari dagokionez. Hori hala, Bake Planari «autokritika prozesuekin» zerikusia duen lan ildo bat gehituko dio gobernuak.2014ko bigarren seihilekoko Bake eta Bizikidetza Planari buruzko txostena aztertu du Jaurlaritzako gobernu kontseiluak asteartero egiten duen bileran. Bake Planak euskal gizartearen «gehiengoaren nahiekin» bat egiten duen arren, nekez lortu da arlo politikoan akordioak erdiestea, Erkorekak azaldu duenez. Jaurlaritzak uste du indarkeriak iraganean duen «zama» dela Bake Planaren «zailtasun» nagusia. Eta kezka azaldu du zama horrek bakean eta bizikidetzan gutxieneko adostasunak lortzea baldintzatzen duelako: «Iraganaren irakurketa partekatua egitea eta oinarrizko akordioak lortzea da euskal politikan gainditu gabeko erronka». Iraganari buruzko «autokritika prozesuak» lantzea helburu estrategikoa da Jaurlaritzarentzat: «Banaketa sortzen duen iraganeko faktorea alde batera utzi eta topaketarako guneak lortzeko tresna bihurtu behar dugu».

Joan den urteko lanaren balantzea egin eta gero, aurrera begira jarri da gobernua. Datozen hilabeteetako lan ildoak finkatu ditu. «Zubiak indartzen jarraituko dugu, iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko oinarri etiko bat sendotzeko», esan du Erkorekak. Hori lortzera bideratuta egongo dira urtea amaitu bitartean Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak zehaztu dituen lehentasunak. Helburu horien artean dago Hitzeman Programa garatzeko adostasunak lortzea, laugarren Peace programaren lankidetza proiektuak martxan jartzea, Gertu programaren bigarren zatiari hasiera ematea eta Memoriaren Institutua sortzea.

Sortu-EAJ harremanak

EH Bilduk «sukalde lana» egiten jarraitzen du Eusko Legebiltzarrean etenda dagoen bakerako lantaldea berriro abian jartzeko. Joan den urrian iragarri zuen Hasier Arraizek prest zeudela, lantalde hori martxan jartze aldera, beste testu bat adosteko, eta Dani Maeztuk berretsi du lanean jarraitzen duela «bestelako» zoru etiko baten oinarriak finkatzeko. «Gainerako alderdiek mahaiaren inguruan ez esertzeko aitzakiarik izan ez dezaten» ari da testu berri bat lantzen koalizioa, Maeztuk Onda Vasca irratian azaldu duenez. Hori lortzeko, Sortu eta EAJren arteko harremanak izan dira azken asteotan.

EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, nekez gaindituko da gaur egun dagoen «blokeo egoera» alderdiek jarrera aldatzen ez badute. «Hainbat taldek ez mugitzeko eta aurrera ez egiteko aitzakiatzat erabili dute iraganaren irakurketa kritikoaren auzia», salatu du.

Comments are closed.